Udalbatzak abenduaren 29an egin zuen batzarrean, 2001. urteko aurrekontua onartu zuen aho batez. Denetara ia 500 milioi pezetakoa izanen da; hauetatik ia 200 miloi pezeta inbertsioetarako: Udaletxeko bigarren solairuaren berritzea, Arkiskil eta Erreka auzoetako ur hornidura, Gitarranbueltako zabortegiaren berreskurapena, industrialde berrirako sarbidea egiteko Olaberriko zubiaren eraikuntza eta pilotalekuko berrikuntza lanak.
Batzar berean, industria eta etxebizitzak egiteko lur eremuen kudeaketaz arduratuko den Leitza Lantzen enpresako administrazio kontseilua osatu zuen Udalak. Bixente Usabiaga izanen da enpresaren lehendakaria.
Euskararen erabilera plana ere onartu zen, EH eta EAko zinegotzien aldeko botoekin eta UPNko Mujika zinegotziaren aurkakoarekin (Caballero ez zen bilerara joan). Planaren helburu nagusia euskararen presentzia eta erabilera normalizatu eta areagotzea da. Datozen bi urteetan administrazioak hizkuntzaren alde eman beharreko pausoak zehazten ditu. Herritarrekin Udalak dituen harremanak ez dira aldatuko hizkuntzari dagokionez. Hemendik aurrera eman beharreko aldaketak obrak egiteko edo zerbitzuak jasotzeko Udalak kontratatzen dituen enpresekin izanen dira; hauei ere euskararekiko baldintza minimo batzuk betetzea eskatuko baitzaie.