Julen Txoperena eta Iñaki Portu igantziarrak hirugarren izan ziren Euskadiko bigarren mailako trontza txapelketan

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 8a

Julen Txoperena eta Iñaki Portu igantziarrak hirugarren izan ziren Euskadiko bigarren mailako trontza txapelketan TTIPI TTAPA

Irailaren 5ean, larunbat arratsaldean jokatu zen Arraiozen bigarren mailako Euskadiko trontza txapelketa eta lehian aritu ziren bikoen artean eskarmenturik handiena duten bi gipuzkoarrek, Andoni Rezabal eta Aitor Rotetak irabazi zuten txapela. 4 minutu eta 50 segundu behar izan zituzten 15 epai egiteko, lehenik bortz etzanda jarritako 45 ontzako enborrari, bertze bortz zutika jarritako 45 ontzakoari eta berriz ere akeneko bortzak etzandakoari. Gipuzkoarrek 53 segunduko aldea atera zioten Esteban Pikabea eta Alvaro Morrondo nafarrei eta hirugarren postua Julen Txoperena eta Iñaki Portu igantziarrentzat izan zen (5 minutu eta 56 segundu). Segundu eskasa atera zioten laugarren izan ziren Unai Salegi eta Juanjoxe Agirregabiriari (5:57). Julen Etxebarria eta Igor Astondoa bizkaitarrak (6:05), Arabako Kerman Perez de Heredia eta Ernesto Alzola (6:08), Unai Iraola eta Jokin Garmendia gipuzkoarrak (6:28) eta Nafarroako Mikel Eugi eta Angel Iribarren (7:55) ere aritu ziren finalean.

 

Lehen mailako finala urriaren 3an Berriozarren

Lehen mailako finala urriaren 3an jokatuko da Berriozarren eta bertan Sunbillako Mikel Bertiz eta Arraiozko Xabier Urrutia eta Berako Igor Lasaga eta Etxalarko Xabier Galarregi izanen dira eskualdeko ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun