Larunbatean, ilbeltzak 27, atsoguratuen eskea eginen da arratsaldeko 3,30etan herriko etxetan, gisa honetara Udalak, Kultur Taldeak, Aurrerak eta Guraso Elkarteak antolatutako iñauteriei hasiera emanez. Lau-bost talde aterako dira, txistulari, gaitero eta trikitilarien laguntzarekin. Arratsaldeko 6,30etan Goizueta eta Leitzako eskolarteko pilota partiduak. 9,30etan herri afaria eskolako jantokian, Aurrerak antolatua.
Igande eguerdian kalejira izanen da Incansables txarangarekin. 2,30etan bazkaria eskolako jantokian. 5etan tren ttikia aterako da eta ordubete beranduago kalejira Incansables txarangarekin. Arratsean eta gauean Mindegia anai arrebak Karrapean ariko dira eta txaranga kaletan.
Astelehen goizean, Arkixkil, Gorriztaran, Erreka eta Sakulu auzoetako baserrietara joanen dira eskean. Arratsaldeko 4etatik 6etara Kulki taldearekin umeentzat jokoak izanen dira, Kultur taldeak antolatuta. Arratsean eta gauean Xapo taldearekin dantzaldia izanen da karrapean. Tartean, puske biltzaileek afaria izanen dute Aurrera elkartean. Txaranga, berriz ere, kalez kale ibiliko da.
Asteartea goizean ere baserrietara joko dute puske biltzera, oraingoan Erasote auzora. 11,30etan Incansables txarangak eskola bisitatuko du. Arratsaldeko 3etan kalejira eginen da eskolako ikasle, irakasle, guraso eta nahi duen guziarekin, hori bai, denak atsoguratuak joatea eskatzen da. Ondoren txokolate beroa izanen da Guraso Elkartearen eskutik. Aurreko arratsetan bezalaxe, 7,30etatik 9etara eta 11,30etatik goizaldeko 2,30etara dantzaldia izanen da Karrapean Xapo taldearekin eta txaranga kalez kale ibiliko da.