Iñauterien garaia ailegatu da eta Areson otsailaren 2, 3 eta 4an ospatu dira. Eskolan ostiral arratsaldean hasiera eman zioten herriko umeek. Denak mozorroturik herrian zehar ibili ziren, «Altxorraren bila» jokua eginez. Bukatzeko, merendola izan zuten. Gauean, Lagunarteko neska-mutilek herri afariarekin hasiera eman zioten eta igande gauera arte iraun zuen. Larunbat goizean, baserriz baserri puska biltzen ibili ziren eta igande eguerdian herrian etxez etxe. Larunbat gauean biltzen da jende gehien, herri afariarekin. Aurten, sagardoa kupeletik edanez aritu ziren eta ondoren dantzaldia izan zuten Modestorekin goizaldera arte. Karroza prestatu zuten Guraso Elkarteak eta aurtengo gaia Zirkoa izan da. Umetxo guziak karroza gainean ibili ziren herrian.