Herria hankaz goiti dago

Esteban AROTZENA 2009ko irailaren 7a

Zeharbideko obra-hondakinekin bidegorria egiten ari dira

Ikaragarrizkoa da aste hauetako herriko mugimendua. Begibistan dagoen bezala, Madale­neko zubitik goiti hasi dira zeharbidearen lanak, baina ez hori bakarrik, lur azpian sartzen ari baitira besteak beste saneamenduko eta gasaren hodiak ere. Aipa­garria da, baita ere, Udalak bere gain hartu duela (subentziorik gabe, alegia) fibra optikoaren sarea herrian zabaltzearen ardura. Telebistek, ordenagailuek, etabarrek hori erabiliko omen dute etorkizunean, eta horrelako aukerarik beste urte batzuetan izanen ez denez, zeharbidean eta gasarentzat irekiko diren zuloetan tritubo izenaz ezagutzen den aurrerapen hau sartuko da.

Bidegorria Alduntzingo zentraleko kanalean
Trabesiatik ateratzen diren obra-hondakinak ezin hobekiago etorri dira aspalditik Udalak duen asmo bat burutzeko, bidegorriarena, alegia. Alduntzingo zentralaraino ura eramaten zuen kanalea igarotzen den lurren jabeekin konpondu ahalean, obra-hondakinekin betetzen ari dira aipatutako kanalea. Lau metro zabaleratik goitiko bide ederra gelditzen da. Ola­berri aldetik hasi dira eta auskalo non bukatuko duten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun