Peio ANTSA Artzaina ARANO

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Nola bururatu zitzaizun txapelketa batera aurkeztea?
Lehenengo ikustera joan nintzen beste bi lagunekin. Erreza iruditu eta hurrengo urtean nerone ateratzea erabaki nuen.
Zenbat artzain txakur txapelketara aurkeztu zara?
1972tik 1990 arte, 18 urte jarraian gero bost urte egon naiz aurkeztu gabe txakurrik ez nuelako eta geroztik hor nabil berriz.
Noizbait txapeldun gelditu zara?
1972an Elorrion Euskal Herriko txapelketa irabazi nuen eta geroztik Bartzelonan eta Gironan irabazi ditut. Duela bi urte janzkeraren premioa eraman nuen.
Txakur ezberdinak aurkeztu dituzu?
Bai, sei edo zazpi izan ditut urte hauetan.
Bat besteak baino hobea?
Lehenengoa, «Nere» zuen izena eta hura izan zen onena. Nahiko zaharra zela hasi nuen, 7 edo 8 urterekin.
Zenbat entrenatzen dituzu?
Lehen egunero, bainan aspaldian nahi adina ez, zerbeza fabrikan lanean hasi nintzela badida 22 urte eta geroztik nahi hainbeste ez.
Zer duzu gustokoen, artzantza edo zerbezetako lana?
Artzantza nahiago, baina hemendik ez dago dirurik.
Egarritzen zarenean, sagardoa edo garagardoa?
Zerbeza nahiago dut.
Lagunekin afaria maiz edo noizbehinka?
Astean behin bai behintzat, ostiraletan eta sagardotegi garaian saiatzen naiz gehiagotan ahal izanez gero.
Oporrak Aranon edo herritik kanpora?
Kanpora joan izan naiz bainan aspaldikoak herrian bertan pasa ditut, aukera izanez gero joango nintzateke bainan beti lanpetuta egoten naiz.
Afizioren bat?
Ehiza ere gustatzen zait, azeritan, basurdetan edo erbitan, bainan ez dut denborarik izaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun