Dena prest hurrengo igandetik asteartera bitarteko eromenerako

Esteban AROTZENA 2009ko irailaren 7a

Ia milioi bat pezetako aurrekontua izanen dute ihauteri hauek

Hurrengo igandeean, otsailak 25, gaueko 10ak inguruan Izkiña jatetxean mozorroen taldea elkartzen denean hasiko dira aurtengo karnabalak. Egun horretako afalaurrean ere, igande berezia denaren seinalea izanen da herrian, bertako Xapó musika taldeak joko baitu plazan arratsalde eta gauean.
Prestatutako egitaraua zuzen betetzen baldin bada, astelehen goizeko 8etarako Zibolatik goiti izanen dira mozorroak. «Kamino partikularrean» bi talde eginen dira eta berehala hasiko da baserriz baserriko puska biltzea. Herrian ere izanen da zer ikusi arratsaldeko 5etatik aurrera, ordu horretan kaleratuko baita Anek zuzenduko duen eskolako umeen konpartsa. Mozorroak ailegatu orduko –arratsaldeko 6ak inguruan– herriko txaranga jotzen hasiko da, haiei ongi etorria eman ondoren poteo berezia egin asmoz.
Asteartera igaroz esan, goizeko 10etan hasiko dela herriko puska biltzea eta arratsaldeko 5etan aterako dela zahia. Goizuetako iñauterien ikur den dantza hau bukatutakoan mozorrotuko da jendea, hurrengo goizera arte iraunen duen eromenari hasiera emanez. Igandean bezala, ondorengo bi egunetan ere dantzaldiak izanen dira plazan ilunabarrean eta gauean. Astelehenean trikiti talde batek joko du, eta asteartean Trakets taldeak.
Antolatzaileen kalkuluen arabera, berrogei-berrogeita bost neska-mutil izanen omen dira aurtengo mozorroen taldean. Aurre­kontua berriz, ia milioi bat pezetakoa da. Udalaren, Umo­re Onaren eta Gaz­te Asanbladaren laguntza jasoko dute mozorroek, baina dirutzarik haun­diena, urtero beza­la, etxez etxeko esketik etorriko da aurten ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun