Jon Rekondo leitzarrak irabazi du bigarren mailako Euskadiko Aizkora Txapelketako finala lehen aldiz, igandean Zestoan. 24 urteko leitzarrak itxura ederra erakutsi zuen final osoan, eta, minutu bat eta 16 segundoko aldea atera zion Aitzol Atutxa txapeldunordeari. Jon Rekondo txapeldunorde izan zen 2003ko Gazte Mailako Txapelketan. Geroztik, hirugarren mailatik bigarren mailara jauzi egin, eta iaz jokatu zuen lehen aldiz bigarren mailako finala (bosgarren sailkatu zen). Aurrez, zortzigarren eta bederatzigarren postuetan sailkatu zen 2006 eta 2007ko kanporaketetan. Hortaz, Jon Rekondo eta Aitzol Atutxa Euskadiko Maila Nagusian ariko dira heldu den denboraldian. Zestoako pilotaleku-kiroldegian jokatu zen finala, eta sei aizkolari aritu ziren lehian: Aitzol Atutxak (Dima, Bizkaia); 21 urte; Manuel Kañamaresek (Arostegi,Nafarroa); 45 urte; Jon Rekondok (Leitza, Nafarroa); 24 urte; Fausto Mugertzak (Mutriku, Gipuzkoa); 50 urte; Joxemari Telletxeak (Oiartzun, Gipuzkoa); 34 urte eta Joxe Ugarteburuk (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa); 53 urte. Kasik 400 ikusle bildu ziren saioa ikusteko. Sei aizkolariek seina enbor ebaki zituzten: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko. Lan hori hain justu ere, Maila Nagusiko finaleko lanaren erdia da. Lehen enborra (lehen kanaerdikoa), Atutxa ebaki zuen azkarren (01:29). Ondoren, Rekondok eta Mugertzak ebaki zuten. Bigarren enborra (lehen 60 ontzakoa), Rekondok eta Atutxak ebaki zuten azkarren, biak pare-parean (04:25). Hirugarren Ugarteburu jarri zen, eta segidan, pare-parean, Kañamares eta Mugertza; Telletxea izan zen seigarren. Lehen oinbikoa izan da lanerdietako mugarria, eta hurrenkera honetan ebaki zuten: Rekondok (08:53), Atutxak (09:27), Ugarteburuk (09:30), Mugertzak (10:12), Telletxeak (10:29) eta Kañamaresek (10:30). Handik aitzinera Jon Rekondok ongi eutsi dio erritmoari, baita lehen postuari ere. Lehia, aldiz, bigarren posturako egon da, postu horrek ere txartela ematen baitzuen Maila Nagusira igotzeko. Atutxak Ugarteburuk baino 15 segundo lehenago ebaki zuen azkenaurreko enborra, baina azken enborrean aski parean aritu dira. Azkenean, ordea, Atutxak bi segundo azkarrago ebaki zuen azken kanaerdikoa. Atutxak hirugarren mailako finala irabazi zuen iaz, bigarren mailako kanporaketako denborarik onena egin zuen eta igandean txapeldunorde izan zen. Sailkapena 1) Jon Rekondo (Leitza, Nafarroa); 24 urte 21:15 2) Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia); 21 urte: 22:31 3) Joxe Ugarteburu (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa); 53 urte: 22:33 4) Fausto Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa); 50 urte: 23:53 5) Joxemari Telletxea (Oiartzun, Gipuzkoa); 34 urte: 25:09 6) Manuel Kañamares (Arostegi,Nafarroa); 45 urte: 27:56