Asteburu ederra izan liteke!

Esteban AROTZENA 2009ko irailaren 4a

Apirilaren 6an Korrika igaroko da eta 7an Asier Olaizolaren zapelaren ospakizun festa izanen da

Apirileko lehenengo asteburuan sona haundia izanen duten bi ekitaldi prestatzen ari dira herrian. Ostiral gaueko hamarrak inguruan Korrika-12 igaroko da Goizuetatik. Gertakari ikaragarria dudarik gabe, AEKk euskararen alde antolatzen duen lasterketa erraldoi honek ez baitu sekula santan zanpatu gure herria. Esan beharra da, gainera, Korrika ez dela aipatutako egun horretako lasterketara mugatuko, giroa berotzeko beste hainbat ekitaldi antolatzen ari baita aurretik gazte talde bat. Hauen artean aipagarriena martxoaren 31n pilota plazan eginen den barrikotea izanen da. Bono-laguntzak bezala afari honetarako txartelak ere, Goiz Argin eta Amaiaren kafetegian daude salgai hurrengo igandea, hilak 25, arte. 948 514242 telefono zen­bakian ere izena eman daiteke barrikoterako.
Gai honekin bukatzeko aipatu, herriko lau gaztek osatutako rock talde batek egun berezi hau aprobetxatuko duela lehenengo kontzertua eskaintzeko. Gazte­txean izanen da goizeko 2etan.

Asierren zapela ospatzeko herri afaria apirilaren 7an
Ekitaldi bereziekin segituz esan, Asier Olaizolak, Fernando Goñirekin batera eskuratu berria duen eskuz binakako zapel haundia merezi bezala ospatzeko asmotan dela herria. Kronika hau idazterakoan hainbat xehetasun lotu gabe zeuden oraindik, baina ziurtzat eman ziguten apirilaren 7an eginen dela, eta nola ez, ekitaldi nagusia herri afaria izanen dela. Fer­nan­do Goñi bera ere gonbidatua dago omenaldi afarira. Dagoe­ne­ko txartelak salgai ego­nen dira herriko tabernetan.
Asteburu ederrak datoz, beraz, goi­zue­tarrentzat: bi larunbat jarraian herri afariak eta tartean, ekitaldi herrikoien artean herrikoiena: Korrika.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun