Goiko-Iturrik falta zuen osagarria

Esteban AROTZENA 2009ko ira. 3a, 12:33

1890ean egindako labaderoa bilatu dute lar eta lohi artean

Herriko Etxeko akta liburu batek dioenez, 1890. urteko azaroaren 16an enkantera atera zuen Udalak Zibolan eta gaur egun Goiko-Iturri izenaz ezagutzen den lekuetan bi labadero publiko berri eraikitzeko obra. Lanen aurrekontua 95 pezetakoa zen.
Jokin Loiarte zinegotzia, honen berri jakin bezain pronto, ikerketa lanean hasi zen. Honela, nondik edo handik ikasi zuen Zibolakoa urak eraman zuela egin eta handik urte gutxira, baita Goiko-Iturrikoa nontsu aurki zitekeen ere. Berehala, garbiketa lanari ekin zion, baina ez bakarrik, ikaragarrizko laguntza eman baitzion lehenego egunetik, Yandeneko Santi Loiartek. Bete-betean asmatu zutenaren aztarna izan zuten abudo xamar, baina oraindik lan haundia zegoen aurrean. Halere, eguna joan eta eguna etorri, eta ehundaka kilo harri, lohi eta lar garbitu ondoren, begibistan gelditu da orain dela 111 urte egindako labaderoa.
Lehendik ere, ur ederra emateaz gain, herriko lekurik atseginena zen Goiko-Iturri. Orain aitzaki bat gehiago badaukagu herritarrok, bertan une gozo batzuk igarotzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun