Azkeneko plenoan Herriko Etxean bildutako zinegotziek ahobateko onarpena eman zioten mahai gainean jarritako 181.940.355 pezeteko aurrekontuari. Iazko kontuak ere bilkura berean onartu ziren.
Aurrekontu hauei gainbegirada bat emanez esan, dirusarreren erditsua mendiaren esplotaziotik etorriko dela, 90 milioi pezeta. Gastuen atalean aipagarriena saneamendu sarearen berritzeak eramanen dituen 30 milioiko aurrekontu-saila.
Tartatxulo eta Tantailepoko landaketak
Menditik jasoko diren dirutzak esanak daude, baina aipatu beharra da bildutakoaren puska haundi bat berriz bertan inbertituko dela ere. Aurtengo aurrekontuetan daude, esate baterako, Tartatxulo eta Tantailepo izeneko mendi komunaletan 27 Hektarea landatzeko erabiliko diren 12 milioi pezetak. 33.000 landare inguru sartuko dira aipatutako parajetan, 23.000 Tartatxulon eta 10.000 Tantailepon. Hauetatik %60a insignis pinua izanen da, eta %15a larizioa. Gainerakoak, %25a, hosto zabal edo frondosak izanen dira: haritzak, pagoak, lizarrak, gereziak, etabar. Gai honekin bukatzeko esan, Tantailepoko landaketa hau Andres Eskudero «Berdabio»k eginen duela 3.629.500 pezetaren truke. Tartatxulo berriz, 8.399.000 pezetako balioarekin herriko Isaac Perurenak hartu du bere gain.