Agur hunkigarria egin zaio Beñat Ameztoy sei urtez erretor izan denari

Franck DOLOSOR 2009ko irailaren 2a

Frantxoa Garat izanen da erretor berria

Erretor berria izanen da laster Senperen: Frantxoa Garat. Beñat Ameztoy, azken sei urteotan senpertarren artzaina izan dena, Donibane Garazirat igor­tzea deliberatu du Baionako apezpikuak. Agorrilaren 9ko agurreko meza biziki hunkigarria ospatu zen. Jondoni Petri eliza jendez mukuru betea zen, ba­tzuk adinekoak eta ber­­tze ainitz gazteak. Ho­rrek ongi erakusterat eman zuen senperta­rrek zonbait maite dugun Bidarraiko semea.
Bere lana goraipatzeko hitzaldietan, sei urtez itzalik ez zaiola ikusi aipatu zuten batzuek eta bertze batzuek eskerrak eman ziozkaten. Esku zartak ere bi aldiz en­tzun ziren meza denboran, Ameztoyen egonaldia eskertzeko lehenik eta gero dantzariek eskaini zuten agurraren ondotik. Bere aldetik ere Beñat Ameztoyk eske­rrak eman zizkien girixtinoei meza ez baita sekulan gelditu osasun arazoak ere izan dituelarik. Nahi eta ezin ibili delarik, norbaitek segida hartu duela beti ez du sekulan ahantziko.
Mezatik ateratzean, Herriko Etxearen izenean, andere auzapezak, oroitarri bat eskaini zion orain arte gure apeza izan denari. Bere leloa Ez bil, hurbil! erranaldia da, eta dudarik gabe ideia ho­rri esker egiten ditu hain laster hainber­tze adiskide. Bere agu­rrean, gerlan beso bat galdu zuen Bida­rrai­ko postariaren historia kondatu zuen. Zera erraten omen zuen postariak: «lehen idazkera ederragoa nuen eta orain orto­grafia hobea dut!». Beti moldatu eta beti ain­tzina segitu. Senpertar gehienek bihotzetik hori desiratzen diote Ameztoyri. Milesker eta bide on, agian osasun hobearekin...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun