Orain gutun bat izenpetzerakoan edota eskolara gutun bat bidali nahi bada ez da beharrezkoa izanen «Leitzako Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola» idaztea, Erleta eskola jartzearekin aski izanen da. Irakaslegoak aspalditik izena aldatu nahi zuen, baina zein? Eta, nola aukeratu? Udaletxeko kide batzurekin harremanetan jarri eta onartutako toponimia zerrendari kasu eginez, hiru izen aukeratu zituzten: Erleta, Larbadi eta Izpe. Ondoren gurasoei eman zaie erabakitzeko aukera. Guztira 133 familia dira eta gehiengo batek lehenbizikoa egokitzat hartu du. Eskola bera, Amazabal parajean dago baina Erleta oso hurbil dago. Lehen pausoa emana da. Orain, behar bezalako tramitazioa egin beharra dago.
Eskolak bere garaian, 1969an, Jose Mari Sagastibeltza alkate eta Juanita Erbiti Treku zuzendari zirelarik. «Queipo de Llano» izena izan zuen 6-7 urtez. Pertsonai hau, garai hartako Nafarroako Gobernadore Zibila izan zen. Orduz geroztik, emandako pausoa gauzatzen hasi arte «izen gabe» mantendu da herriko eskola.