Arau subsidiarioak berrikusiko dira

Esteban AROTZENA 2009ko irailaren 1a

Barrenetxeko Idoia Legarreta dago lan hau eginen duen arkitektu taldean

Orain dela hamaika urte egindako arau subsidiarioek berrikuntza behar zutelakoan zeuden Herriko Etxean eta horretarako dirulaguntza eskatu ere egin zioten udaberrian Nafarroako Gobernuari. 7,5 milioi pezetako aurrekontu batean 4 milioi emanen zituela erantzun zuen honek, eta hurrengo pausoa lehiaketa deialdia prentsan argitaratzea izan zen. Bi eskaintza jaso zituen deialdi honek: bat, gaur egun indarrean dauden arauak egiteaz gain, hirigintza gaietan Udalaren aholkulari den Jose Ignacio Arribas-en taldearena. Bestea, berriz, Rufino Brugerarena. Honen taldeko arkitektu bat, Barrenetxeko Idoia Legarreta da. Eskaintza ekonomikoa berdina zenez (7.830.000 pezetakoa) bi teknikok, hiru bokalek, alkateak eta idazkariak osatzen zuten epaimahaia arrazoi teknikoetan oinarritu zen arauak berritzearen lana Rufino Brugerari emateko. Baldintzak zuzen betetzen baldin badira, hemendik bost hilabetera prest edukiko du Brugeraren taldeak errebisioaren aurreproiektua, Udalak aurreonarpena eman diezaion. Honi alegazioak aurkezteko, hilabeteko epea izanen da, eta ondoren hilabete terdikoa hauei erantzuteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun