Erromako ACE (Associazione Culturale Euskara) elkarteak gonbidatuta Xabi Erkizia lesakarra eta Asier eta Ibai Gogortza eta Iñigo Telletxea beratarrak Venezian (Italia) izan ziren uztail hondarrean Arte Biurtekoan parte hartzen, Oier Etxeberria, Maialen Lujanbio eta Judith Monterorekin batera. Nazioarteko arte topaketa honetan parte hartzen ari den Kurdistango ordezkaritzak Euskal Herrian egindako grabaketez osatutako soinu maparen inguruan interesa agertu zuen, eta horren harira, joan ziren Veneziara. Aipatu soinu mapaz gain, bertze hainbat lan ere eraman zituzten hemendik. Bertzeak bertze, Nafarroako Agoitz herria eta Veneziaren arteko antzekotasunak erakutsi zituzten, etorkizunera begira zenbait adituren ustetan urak bi leku hauek hartuko dituelako. Irudi eta soinu muntaian herri hauen oraina eta etorkizuna erakutsi zuten, eta Ornitorrinkus taldearekin kontzertua ere eskaini zuten. Azaroa bitartean hantxe izanen dira euren proiektuak ikusgai, artelan kurduen tartean.