Hainbat bisitari espero dituzte Artikutzan San Agustin egunean

Aitor AROTZENA 2009ko abuztuaren 27a

Hainbat bisitari espero dituzte Artikutzan San Agustin egunean Aitor AROTZENA

Ortziralean hainbat ekitaldi antolatu dira, autoendako atea zabalik izaten den egun bakarrean

Goizuetako lurretan dago Artikutza, nahiz eta Donostiako udala izan zen 3.800 Hektareako eremuaren jabe. Hara autoz joan ahal izateko, urtean egun batez irekitzen dituzte ateak. Abuztuaren 28an izaten da hori, San Agustin egunean. Goizean goizetik hasi eta iluntzera arte hainbat ekitaldi izanen dira aurten ere, ortziralean. 

Artikutzako San Agustin baselizan hasiko da festa eguna, 11:00etan, mezarekin. Egi Eder zortzikoak parte hartuko du mezan. Ordu erdi geroago, 11:30ean, Oiartzun eta Goizuetako pilota eskolako pilotariak lehiatuko dira frontoian. 

Bazkal ondotik, 16:30ean, Mendiluze eta Lizaso bertsolariak kantuan arituko dira. Eta 18:00etan herri kirolak izanen dira ikusgai: Larretxea eta Atutxa Nazabalen eta Mugerzaren aurka ariko dira aizkoran, eta harri-jasotzen, Izeta II.a eta Landarbide. Imahi taldeak girotuko du arrats partea, 19:00etan emango duen kontzertuarekin. 

Horiez gain, egun osoan, eskulangileen postuak paratuko dituzte, eta, tartean, gazta, erroskilak, pastelak eta taloak salduko dituzte. Ortziralean Artikutzara joaten direnentzat janaria eta edaria eskainiko dituzte bi tabernatan. Festa handia Aipatzekoa da egun hori kotxez joateko aprobetxatzen dutela aunitzek, baina Bortzirietatik, Lesakatik eta Arantzatik batez ere, eta Goizuetatik, oinez, zaldiz edo bizikletaz Artikutzara agertzeko ohitura ere handia da. Goizuetarrentzat festa egun handia izaten da Artikutzakoa, nolabait Amabirjin festei bukaera ematen dion eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun