Jon Kanflanka leitzarra hirugarren Euskadiko Sega Txapelketan

TTIPI TTAPA 2009ko abu. 24a, 19:14

Gazteak lan txukuna egin zuen igandean Aizarnan

Hirugarren amaitu zuen Jon Kanflanka leitzar gazteak joan den igandean, abuztuak 9, Aizarnan (Gipuzkoa) jokatu zen 25. Euskadiko Sega Txapelketan. Bertze lau segalarirekin batera, ordubeteko lana egin behar izan zuen leitzarrak, eta sei sail ebaki. Bost segalari hauek hartu zuten parte aurtengo txapelketan: Mikel Alkortak (Donostia, Gipuzkoa), Arkaitza Arteagak (Baliarrain, Gipuzkoa), Andoni Goikoetxeak (Gaztelu, Gipuzkoa), Jon Kanflankak (Leitza) eta Juanjoxe Lizaso (Asteasu, Gipuzkoa). Txapela azken honentzat izan zen, Lizasorentzat, alegia, 2.420,5 kilo belar moztu ondotik. Andoni Goikoetxea bigarren gelditu zen, 2.397 kilo ebakita Hirugarren posturako lehia estua izan zen. Izan ere, laugarren saila amaituta, Arteaga Kanflankaren aitzinetik zen 40 segundoko aldearekin, baina Kanflankak sasoiko amaitu zuen txapelketa, eta lehen aldiz podiuma zapaldu zuen, hirugarren sailkatuta. Laugarren posturako lehia ere estua izan zen, soilik 9,5 kiloko aldea kendu baitio Arteagak Alkortari. Gainera, Alkortari 20 kiloko zigorra ezarri zioten, kontramailan ebakitzeagatik. Beraz, 20 kilo kendu zizkioten donostiarrari. Gustura egoteko moduan da, beraz, Kanflanka. Leitzarrak aurten ez du bertze saiorik jokatu, Nafarroan ez baita txapelketarik jokatzen. Hala ere, podiumera igotzea lortu du aurten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun