Euskal Herriko sega txapelketa Aizarnan jokatuko da igande eguerdian

Aitor AROTZENA 2009ko abu. 7a, 10:53
Jon Kanflanka leitzarra laugarren izan zen iaz sorterrian jokatutako txapelketan. TTIPI TTAPA

Jon Kanflanka leitzarra izanen da nafar bakarra

Igande honetan, abuztuak 9, jokatuko da 25. Euskadiko Sega Txapelketa, Aizarnako (Zestoa, Gipuzkoa) Aranburu landetxeko zelaian, eguerdiko 12:00etatik aitzinera. Gipuzkoako Baliarraingo Arkaitz Arteaga, iazko txapeldunak azken orduan parte hartzea erabaki du, osasun arazoak gainditu ondotik. Berekin batera, Gazteluko Andoni Goikoetxea, Donostiako Mikel Alkorta, Asteasuko Juan Joxe Lizaso eta Leitzako Jon Kanflanka lehiatuko dira, ordu batean zeinek belar kilo gehien ebaki.

29 urterekin, bigarren finala Kanflankarentzat

Igandean Aizarnan lehiatuko direnen artean, Arkaitz Arteaga da gazteena 24 urterekin eta beretaz gain, Andoni Goikoetxeak bakarrik daki txapela janztea zer den. Jon Kanflanka leitzarra da bigarren finalistarik gazteena, 29 urterekin. Halere jokatuko duen bosgarren txapelketa da eta bigarren aldiz ariko da finalean. Iaz, sorterrian jokatu zuen finalean lortutako laugarren postua hobetzen saiatuko da aurten. Orain arte ez du txapelik jantzi. Nafarroako Txapelketa hiru aldiz jokatu da, eta hiruretan izan da txapeldunordea; David Mariñelarenak jantzi du txapela. Jon Kanflankak adierazi du entrenamendu saio onak egin dituela, eta gogoz dagoela igandeko txapelketa jokatzeko.

Zigorrak

Aurtengo txapelketan, iaz bezala, segalari bakoitzak ebakiko dituen belar kiloek erabakiko dute sailkapena, baina zigorra edo penalizazioa ezar dakieke txukun ebakitzen ez badute, bai saioan bai saioa amaituta.
Penalizazioak: epaileek bi txartel urdinekin ohartaraziko diete segalariei gorria atera aurretik. Txartel gorri bakoitzagatik, segalariei 20 kilo kenduko zaizkie ebakitako kilo kopuruari.
Aurtengo txapelketa ere saio batean erabakiko da iaz eta 1998an gertatu zen moduan. Izan ere, aurreko bederatzi urteetan kanporaketak eta finalerdiak jokatu izan dira finala jokatu aurretik.
Aizarnako belardia berria da Euskadiko Txapelketan. Belar txikia eta berdea dago. Segalariek eta federazioko ordezkariek ontzat eman zuten belarraren egoera.
Segalariei dagokienez, iazkoarekin alderatuta, Jexuxmari Ormaetxea Urki, Mikel Aranalde eta Arkaitz Arteaga izango dira hutsune. Aldiz, Andoni Goikoetxeak eta Jon Kanflankak errepikatu egingo dute; Mikel Alkorta donostiarra berriro ariko da, iazkoan huts egin ondoren, eta Juanjoxe Lizaso lehen aldiz ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun