Leitzatik joandako autobusak, autoak, txistulariak, irratia... Baina ezin denean ezin da eta ezinaren aurrean bide bakarra dago: Aurrera. Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatu zuten Aurrerakoek Iruñeko Oberena taldearen kontra uztailaren 5ean, baina ez zuten txapelik lortu. Lehen partida alebinek jokatu zuten. Lezearen ausardiak ez zuen garaipen gisa saririk eduki, baina 15 tanto garrantzitsu egin zituzten leitzarrek. Jon Lezea eta Ander Eskuderok 15-18 galdu zuten Iruñeko bikotearen kontra. Infantilen partidan berotasunak eta sufrimenduak izerdi putzuak sortu zituen armailetan. Markagailuan 12-5 egon ziren atzetik, baina azkenean Anartz Olano eta Mikel Hernandorenak 18-15 irabazi zieten Oberenakoei. Jubeniletan Jaunarena anaiak aritu ziren eta erraz hasi baldin baziren ere, atzean jokatu zuen leitzarraren nekeak Iruñarrei bizia eman zien. Amaieran 22-12ko emaitza lortu zuten. Azken partidaren atarian, gauzak argi zeuden: 13 tanto egiten baditu Leitzak txapela berea du. Baina Asier Gartziaren osasun arazoek eta Iruñeko bikotearen sendotasunak txapela Labriten utzi zuten. Asier Gartzia eta Mikel Iriartek ezin izan zuten garaipenik lortu eta, amaieran, nahiz eta bi herriek bina partida irabazi, 8 tantoko aldeaz Iruña nagusitu zen.