Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatuta hiru bisita gidatu eginen dira udan

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 22a

Peru-harri parkea, herrigunea eta Leitzalarrea eta Saralegiren Arro baserria ezagutzeko izanen dira

2009ko uda oihanaren bihotzean izenburupean hainbat bisita gidatu antolatu ditu Plazaola Partzuergo Turistikoak uda honetarako. Ultzama, Basaburua, Larraun, Lekunberri, Areso eta Leitzan eginen diren 11 proposamen jaso dira, horietatik hiru herrian egiteko. Horietako bat Peru-harri Perurenatarren harriaren parkera joateko da. Eskaintza honetan, parkeaz gain, baserria bisitatu eta herri kirolen historia eta Iñaki eta Inaxioren markak ezagutzeko aukera eskainiko da. Bisita hauek larunbat eta igandetan eginen dira 11:00­etan. Helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta 3 haurrek. Izena aurretik eman behar da (659 701045).
Herrigunea eta Leitzalarreko izei zuriak ezagutzeko aukera emanen du bigarren bisitak. Plazatik abiatuta, herrigunea, etxe tradizionalak, ikuztegia, eliza... ikusiko dira. Ondotik, norberaren autoan Leitzalarrearaino joan eta izei zuriak ikusteko modua izanen da, monumentu natural izendatuak. Bisita hauek larunbatetan eginen dira, 17:00­etan, 6 euro ordainduta. 948 507204ra deitu behar da aurretik.
Hirugarren eskaintza Kristina Saralegiren Arro baserrira joateko da. Hango aziendak ikusi eta talogintza-tailerra eta horien dastaketa egitea proposatuko du. Asteazkenetan eginen da, 11:00­etan, 10 euro ordainduz. 610 378543ra deitu behar da izen-emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun