San Fermin Torneoan txapeldun

ttipi-ttapa 2009ko uztailaren 22a

TTIPI TTAPA

Aimar Olaizola eta Irujo aurrez aurre izan ziren bertze behin uztailaren 7an, San Fermin Torneoko Lau T’erdiko Txapelketan. Iruñeko Labrit pilotalekua betea zegoela, erritmo biziko partida eskaini zuten goizuetarrak eta Iberokoak. Alde haundirik gabe dirua Irujoren alde izan arren, azkenean Olaizola II.a nagusitu zen. Hasierako tantoetan berdinketa izan zen nagusi, eta biak ere ez ziren oso txukun ibili. Markagailuan seina zirela, Iberokoak egin zuen aurrera, eta bost tanto egin zituen segidan, 11-6koa ezarriz. Baina Goizuetakoak gogor segitu zuen eta markagailua 15na jartzea lortu zuen. 18ko berdinketa etorri zen gero, eta handik aurrerako tantoak Olaizolak menperatu zituen. Arerio gogorrenetako bati irabazita, gustura gelditu zen Olaizola txapelarekin. Binakako torneoan ere finalera ailegatu zen Aimar, Zea­rra lagun zuela, baina ez zuen aurtengo Sanferminetako bigarrena janzterik lortu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun