Amabirjinetako sinboloak berpiztu nahi ditu 50. urteurreneko komisioak

TTIPI TTAPA 2009ko uztailaren 22a

Protagonismo berezia izanen dute festetan Umore Onaren sortzaileek

Hainbat peñakide beteranorekin batera, Udaleko eta Umore Ona Elkarteko ordezkariek osatzen duten komisioak prestatu du dagoeneko orain dela 50 urte peña sortu zutenek aurtengo Amabirjinetan jasoko dituzten omenaldien zerrenda.
Jaiei hasiera emanen dien itxaferoa pizteko ardura aipatutako fundatzaileen taldearen esku egonen da. Dena den, Peñaren Egunean hartuko dute hauek protagonismorik haundiena. Goizeko diana orduko ­–1960. urteko– musikariek joko dute, eta eguerdiko ohiko Goizueta-Arano pilota partida aurretik opariak jasoko dituzte banan-bana. Ondoren ospatuko den Peñaren bazkarian ere, han izanen dira sortzaileak gonbidatu berezi gisa.
Urtebetetze borobil hau aitzakiatzat hartuz, Amabirjinei eta bere ohiturei buruzko deialdia ere luzatu die herritar guztiei hasieran aipatutako komisioak. Azken urte hauetan indarra galduz joan diren hainbat ohitura berpiztu nahi ditu lantaldeak, egunero Peñaren blusa eta zapia jartzearena, batez ere. Peñaren bazkaria hartzen ari den norabideaz ere –lasaiagoa izan beharko luke bazkide askoren ustez– hitz egin omen du luze eta zabal 50. urteurrenaren komisioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun