Aranoko Santio festak bi asteburutan banatu dira eta lehenbiziko ekitaldiak asteburu honetan izanen dira.
Honela, larunbat honetan, uztailaren 18an, 17:30ean herriko pilota txapelketako finalak jokatuko dira.
Igandean, uztailaren 19an, garai bateko kotxeen VIII. Igoera eginen da, goizeko 11:30ean abiatuta Donostiako Xanti hoteletik. 14:00etan Aranoko plazara ailegatuko dira. Arratsaldean kotxeak herriko plazan egongo dira jendeak ikusi ahal izateko.
Txupinazoa uztailaren 24an
Hurrengo asteburuari begira, ostiralean, uztailaren 24an, 18:00etan udaletxeko balkoitik jaiei hasiera emango dien suziria botako da. Ondoren herri poteoa eginen da. 18:30ean feria eginen da herriko plazan: herriko IV. Patata Tortilla Lehiaketa. Herriko produktuak goxatzeko aukera ere izanen da: gazta, sagardoa, gozoak... Herriko eskulangileek beraien lanak erakutsiko dituzte. 22:00etan XXVII. Mus Txapelketa azkarra jokatuko da.
Santio Eguna uztailaren 25ean
Larunbatean, uztailaren 25ean, Santio Eguna eguna ospatuko da. 10:00etan diana izanen da. 11:00etan Meza. 12:30ean betiko pilota partida Arano eta Goizuetako afizionatuen artean: Zabala-Legarreta (Arano), Zabaleta-Apezetxearen (Goizueta) kontra. 18:00etan herri kirolak: Iparraldeko jokoak eta aizkolariak (Nazabal eta Arrospide). Ondoren, bertsolariak: Julio Soto, Igor Elortza, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze. Gai jartzailea: Xabier Legarreta. 22:00etan ohiko oilasko jatea eginen da San Roke elkartean. Txartelak herriko tabernetan jarriko dira salgai eta azken eguna uztailaren 19a izanen da. Ondoren KUPELA taldearekin dantzaldia goizaldera arte. Herriko festen aldeko rifen zozketa egingo da. Goizaldean baratxuri zopa.
San Joakin eta Santa Ana uztailaren 26an
Igandean, uztailaren 26an, San Joakin eta Santa Ana egunak ospatuko dira. 10:00etan diana izanen da. 11:00etan Meza. Ondoren, hamaiketakoa Kontsejun. 12:00etan pilota partidak jokatuko dira gazteen artean: Noble-Agirrezabala, Manterola-Hernaniren aurka lehenik eta Lopez-Elortza, Lujanbio-Murgiondoren aurka gero. 14:00etan jubilatuen bazkaria Kontsejun, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano bertsolariekin eta Jexuxen Jazbanarekin. Bazkarirako izena Kontseju tabernan eman beharko da uztailaren 19a baino lehen. 15:30etik aurrera umeentzako puzgarriak eta jokoak izanen dira plazan. 18:30ean txokolatada. 19:00etan Arno ganadutegiko animalien ikuskizuna. 20:30ean parrillada. Ondoren, OSKAR ESTANGA ariko da musikarekin ilunabarra girotzen.