Txapelketaz txapelketa ibili dira azken aldian ere herriko pilotari gazteak, eta tartean txapel batzuk ere eskuratu dituzte. Ekainaren 20an, esaterako, Errenteriako txapelketa jokatu zuten Antton Apezetxeak eta Iker Salaberriak, eta 18-9 irabazi zieten Balerdi eta Alberdi azpeitiarrei. Ekainaren 26an, berriz, Hitza txapelketa jokatu zuten Iker Salaberriak eta Bidaniko Joseba Zinkunegik, eta aurreko emaitza berdinarekin gailendu zitzaizkien Ordiziako Zubeldia eta Bergantinosi. Biharamunean, Barañaingo txapelketan beste garaipen bat eskuratu zuten Antton Apezetxeak eta Iker Salaberriak. 18-11 irabazi zieten Txarutako Irazoki eta Gaskueri. Ekainaren 28an, Josetxo Ezkurraren Memorialeko finalak jokatu ziren Donezteben, eta Umeak B mailan, Aitor Aizkorbe eta Mikel Apezetxeak 18-11 irabazi zuten Lesakako Otxoteko eta Agirreren kontra. Umeak A maila, azkenik, Antton Apezetxea eta Iker Salaberriak 6 tantotan utzi zituzten Igantziko Mitxeo eta Telletxea.