Egurraren krisiak egoera ekonomiko larrira eraman lezake Udala

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 10a, 18:27

Nafarroako Gobernuaren atentzio eza salatu zuen alkateak prentsaurrean

Eskualde guziko hainbat udalen bozeramaile gisa, Mieljoxe Lekuonak prentsaurrekoa eman zuen Iruñean ekainaren 26an, egurraren krisiak udal hauetan duen eraginaz hitz egiteko.
Nafarroako hedabideen aurrean gure herriko alkateak esan zuenez, Goizuetako Udalaren diru-sarreren %60a menditik zetorren sektorea krisiak jo duen arte. Krisia areagotu egin da, gainera, Frantziako Landetan ilbeltzeko haizeteak milioika pinu bota zituenetik.
Errentagarria izateko gutxienez 30 eurotan saldu behar omen da intsinisaren metro kubikoa, baina Landetakoa 15ean saltzen ari omen dira lurrean daudenei irteera emateko. Konpetentzia ezinezkoa da, beraz.
Lekuonak esandakoaren arabera, Landetako produktoreak Frantziako Gobernuaren dirulaguntza jasotzen ari dira. Gure eskualdeko udalek, berriz, elkartzeko eskaera luzatu zioten aspaldi samar Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariari, baina ez dute oraingoz erantzunik jaso.
Arazoa­ri aurre egiteko kaltetu guztien indarrak batzea­ren beharra azpimarratu zuten prentsaurrean. Goizuetak, Leitzak eta Bortzirietako udalek bat egin dute deialdi honekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun