60 bat lagun elkartuko ziren ekainaren 20ko ilunabarrean, Kontzeju atarian, sardina jatera. Urte batzuetan galduta egon den ohiturari erantzunez, Mairtzeneako Jose Antonio Legarretak lau bat urte eramango ditu festa hau antolatzen. Baina aurtengoak beste urteetakoa gainditu duela esan du. Lau urtetan izandako jende kopuru haundiena elkartu zen. Hala ere, antolatzen ibili ziren herritarrak pozik daude egindakoarekin, eta jendea ere arrunt gustura gelditu zen prestatutako afariarekin.
Sardina jatean, izenak ongi adierazi bezala, nahikoa sardina izaten da nahi duenarentzat, eta ondotik, Ezkerrenbordako gazta izan zen aurten postretarako.
Girotze lanetan ere aipatu behar da afaltzera hurbildutako lagun batzuen eskutik aditu zen trikiti soinua ere. Inprobisazioak horrelakoetan bere tokia izaki, Juanikeneko Maiderren trikitixa berehala ekarri zieten eskuetara inguruak soinu txikiz alaitzeko eskatuz.
Afal ondoren, berriz, Aupa Etxebeste pelikula jarri zuten Elkarteko arkupeetako paretan eta herritar multzo bat elkartu zen filmea ikusteko, gauerdira arte. Berdostako Mila eta Etxaundiko Joxeanek proposatutakotik atera zen ideia eta haien lagun batzuei esker ikusi eta entzun zen hain ongi. Hurrengo batean, bi hauek parte hartu duten labur bat ere jarriko dutela aurreratu zuten.
Festa borobildua gelditu zen eta ongi merezitako eskerrak ematea gelditzen zaigu hemendik, festa horren antolaketan eta laguntze lanetan ibilitako herritar guztiei. Segi horrelaxe!