Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo aurrez aurre izan ziren bertze behin San Fermin Egunez, asteartea. Iruñeko Labrit pilotalekua betea zegoela, erritmo biziko partida eskaini zuten goizuetarrak eta Iberokoak. Alde haundirik gabe dirua Irujoren alde izan arren, azkenean Olaizola II.a nagusitu zen.
Hasierako tantoetan berdinketa izan zen nagusi, eta biak ere ez ziren hagitz txukun ibili. Markagailuan seina zirela, Iberokoak egin zuen aitzinera, eta bortz tanto egin zituen segidan, 11-6koa ezarriz. Baina Goizuetakoak gogor segitu zuen eta markagailua 15na berdintzea lortu zuen. 18ko berdinketa etorri zen gero, eta handik aitzinerako tantoak Olaizolak menperatu zituen.
288 pilotakada izan zituen partidak, eta saketik hiruna tanto egin zituen bakoitzak. Saketik bi falta ere egin zituen Iberokoak. 18-22 markagailuarekin gustura gelditu zen Olaizola. «Sanferminetako txapelketa berezia da. Nafarra izanik eta gure herrialdean jokatzen den txapelketa izanik, gehienoi gustatzen zaigu bertan aritzea. Gainera, jende asko etorri ohi da ikustera, lehen txapelketa da, eta oso animatua etortzen da ikuslegoa». Horrela adierazi zuen Aimarrek Berria egunkariak egindako elkarrizketa batean.
Urriza-Urrutia San Fermin Torneoko finalera
Jaun eta jabe. Horrelaxe izan zen Migel Mari Urrutia Saldiasko erremontista atzo, asteartea, Uharteko Euskal Jai pilotalekuan jokatutako partidan. Erremonteko San Fermin Torneoko finalerdia jokatu zuen atzo Urrutiak, Urriza lagun zuela, Zeberio II.a eta Iriarteren kontra.
37-40 gailendu ziren Urriza-Urriza. Urrutia izan zen partidako izarra, eta lan aunitz eginez, merezitako finalerako txartela lortu zuten.