Nafarroako Herri Artekoan azpitxapeldun izan da Leitza

TTIPI TTAPA 2009ko uzt. 6a, 17:46
Leitzak duela bi urte txapela irabazi zuen Nafarroako Herri Artekoan. TTIPI TTAPA

Iruñeko Oberenarentzat izan da txapela

Duela bi urteko txapela jantzi gabe gelditu da Leitza aurten. Atzo, igandea, jokatu ziren Nafarroako Herri Arteko Txapelketako finalak Iruñean, eta zortzi tanto aldearekin, Leitzak ezin izan zuen Iruñeko Oberena taldea garaitu. Lautik bi partida irabazi zituen Leitzak, baina tanto kopurua kontuan hartuz, Iruñeko taldea baino guttiago izan zen. Labrit pilotalekua jendez betea zegoela jokatu ziren partidak.

Alebin mailan garaipena Iruñara joan zen. Jon Lezea eta Ander Eskuderok 15-18 galdu zuten Iruñeko Okiñena eta Mariezkurrena bikotearen kontra. Partida orekatua izan zen, eta leitzarrak irabazten hasi arren, 15eko berdinketaren ondotik, Iruñekoak zuzenean 18ra joan ziren.

Infantiletan, markagailu bera errepikatu zen, baina kasu honetan, Aurrerako mutilen aldekoa izan zen. Leitzako taldeko Anartz Olano eta Mikel Hernandorena Josu Jaurena eta David Cordonen kontra aritu ziren.

Jubeniletan Jaunarena anaiak jaun eta jabe izan ziren. Leitzarrek Alberto Soto eta Mikel Artuch izan zituzten arerio, eta Jon Jaunarenak bere pilotarako dohainak erakusteko baliatu zuen jokoa. Xabier anaiaren laguntza ere izan zuen eta 22-12ko markagailuarekin partida irabazi zuen.

Laugarren eta azken partidan, Leitzak 12 tanto nahikoak zituen Herri Artekoa bereganatzeko, baina Asier Gartzia eta Mikel Iriartek ezin izan zuten lortu. Iruñeko Alberto Olangua eta Alvaro Okiñenak lau tantorekin utzi zituzten Aurrerakoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun