Buruz buruko hirugarren txapelik gabe oraingoz

ttipi-ttapa 2009ko eka. 24a, 13:20
Olaizola II.a, gibelean Irujo duela. TTIPI TTAPA

Olaizola II.ak 12-22 galdu zuen finala Irujoren kontra

Hiru eta bi Irujoren alde. Irujok buruz buruko hirugarren txapela jantzi duelako eta Olaizola II.ak birekin segitzen duelako. Hirugarrena lortzeko aukera eduki zuen ekainaren 7an, buruz buruko finalean, baina ezin izan zuen. 12-22 Iberokoa gailendu zitzaion.
Donostiako Atano III.a pilotalekua goraino betea zegoela jokatu zuten partida Irujok eta Aimarrek, elkarren aurkako hirugarrena. Ez zen baten zein bertzearen aldeko oihu eta pankartarik falta izan, baina azkenean Irujoren aldekoak gehiago izan ziren.
Txapelketa berezia izan da goizuetarrarentzat. Ruben Belokik eta Abel Barriolak ezin izan zutelako bere aurkako partida jokatu, eta Xabier Urberuaga kanporatzearekin zuzenean ailegatu zen finalera. Beharbada horregatik eta Irujo sasoi betean dagoelako, jendeak ere faborito argi ikusi zuen finalaren atarian Iberokoa.
Hasiera orekatua eduki zuen partidak, eta nahiko berdinduta ibili ziren. Partidaren bigarren zatian, ordea, Irujoren jokoa nagusitu zen.
Partida bukatuta, Olaizolak «nekatuta eta deskonektatzeko gogoz» zegoela aitortu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun