Euskal Herriko Kantu Txapelketan bigarren gelditu da Ainhoa Zabaleta

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 24a

Ainhoa Zabaleta kantuan, bere gitarrarekin. TTIPI TTAPA

Aldaketarik ezean, emanaldia eskainiko du abuztuan herrian

Hil honen 6an Barakaldon (Bizkaia) ospatutako Euskal Herriko Kantu Txapelketaren finalean bigarren postua eskuratu zuen Ainhoa Zabaletak, 13 urteko kantari eta konpositoreak.
Hil berria den Joxeluis osabari Ainhoak berak egindako Itzaltzen zoa­zela pieza kantatu zuen neskatoak Barakaldon. Letran gai sozialak ukitzeagatik sari berezia eman zioten gainera. Dena den, non aukeratua bazeukan Ainhoak, berak konposatutako beste sei kanta eta era askotako beste hainbat herri-kanta baitauzka bere errepertorioan.
DBHko lehenengo maila ikasten du Ainhoa Zabaletak Goizuetako eskolan. Hagitz ikasle ona dela ere jakin dugu. Aurtengo ikasturtean gitarra ikasten ari da Musika Eskolan, baina umetatik piano ikasketak egin ditu. Musika tresna hau erabiltzen omen du gainera kantak konposatzeko, aurrena letra idatziz eta gero musika paratuz.

Emanaldia abuztuan

Etorkizunean musikara dedikatzea da gazte­txo goizuetarraren ametsetako bat. Talde batean kantatzeko propo­samena jaso du dagoe­neko, baita hurrengo abuztuan herrian kantaldia emateko ere. Ikaragarrizko ilusioa egin omen dio Ainhoari eskari honek. Gauzak bide onean badoaz, Amabirjin aurreko astean izanen litzateke hau, azken bi urteetan bezala, Udalak Labaderoan prestatuko duen emanaldian.
Musikarako eta ikasteko dohainez gain, bertsotarako sen aparta omen du Zabaleta gaztetxoak. Horixe esan zigun behintzat Estitxu Arotzena bere irakasleak. Eskualdeko bertsopaper lehiaketa irabazi berria du aurten ere, eta Barakaldon kantatu zuen egun berean Larraintzarren ari beharra zen bat-bateko eskolarteko bertso txapelketan. Pena eman omen zion ezin joan izanak.
Bukatzeko, esan, maketatxoa ere grabatu duela Ainhoak bere kantekin. Etxean egina da eta kopia gutxi xamar kaleratu ditu, familian, lagunartean eta Gaztetxean banatzeko hainbeste.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun