Leitzako Oialde Txoko gaztetxoen elkarguneak denboraldi bukaerako festa egin zuen

ttipi-ttapa 2009ko ekainaren 16a

Gaztetxoak gustora ibili dira ikasturte honetan ere Oialde Txokon. TTIPI TTAPA

Monitoreek zenbait joku eta gurasoek arratsaldekoa prestatu zuten

Ikasturte honetan, asteburuero hamabi eta hamasei urte arteko gazteak bildu dira Leitzako Oialde Txoko lokalean. Denboraldia bukatzeko monitoreak zenbait joku prestatu zituzten eta gurasoek berriz arratsaldekoa eskeini zieten. Guraso arduradunak oso pozik gelditu dira aurtengo txandan gazteen partehartzearekin eta datorren neguan berriz irekitzeko asmoarekin bukatutzat eman dute aurtengo denboraldia.

2006ko udan hasitako proiektua

Gazteak protagonista nagusitzat hartzen dituen txoko hau, Leitzako Kristau Elkartearen eta guraso batzuen elkarlanaren fruitua da: Kristau Elkarteak lokala jarri du eta gazteen zaintza egiteko konpromisoa, gurasoek. 2006ko udan indarrean jarri zen proiektu honek, bi xede garrantzitsu dauzka. Batetik, 12 eta 16 urte bitarteko herriko gazteentzako aisialdirako gune egoki bat eskaintzea eta bestetik, gazteak beren denboraren arduradun izaten ikastea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun