Nafarroako Kirol Jolasetan jokatutako hiru finalak galdu zituzten Aurrerako pilotariek

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 16a

Beste txapelketetan ere ez dute suerterik izan asteburu honetan

Nafarroako Kirol Jolasetako finaletan ez zuten suerte handirik izan Leitzako Aurrerako pilotariek eta asteburuan Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako hiru finalak galdu egin zituzten. Bigarren mailako infantiletan, Mikel Sagastibeltza Egues eta Xabi Zubiriak 4 eta 18 galdu zuten San Migueleko bikotearen kontra. Lehen mailako kadetetan, Joxerra Aldaregiak eta Mikel Hernandorenak 19 eta 22 galdu zuten Oberenako bikotearen kontra eta bigarren mailako benjaminetan, Aurrerako Joseba Eskudero eta Beñat Altzelaik 11 eta 18 galdu zuten Errekako Mikel Lana eta Oier Berasategiren kontra, beraz, txapela Doneztebe aldera joan zen.

Beste txapelketak

Beste txapelketetan ere ez dute emaitza onegirik eskuratu Aurrerako pilotariek. Elgetako txapelketan, 22 urtez azpiko kategorian, 11 eta 22 galdu zuen Jon Jaunarenak Mendizabalen kontra. Igeldoko txapelketan, benjaminetan, 10 eta 16 galdu zuten Ander Alduntzin eta Beñat Altzelaik eta Irurtzungo txapelketan, infantil mailan, 8 eta 18 galdu zuten Ibai Barberena eta iñigo Mitxausek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun