Abian da IX. Iparraldeko Joku Torneoa eta aldi honetan parte-hartzaileen artean bi leitzar egonen dira: Joxetxo Urrutia eta Migel Angel Sukuntza, harriarekin eta txingekin. Josetxo Urrutia bi probatan ariko da, harrijasotzen eta txingak eramaten. Migel Angel Sukuntza, berriz, txingekin aterako da. Harri-jasotzaileek 125 kiloko zilindroari, 112,5 kiloko kubikoari eta 100 kiloko bolari ahalik eta jasoaldi gehien eman beharko dizkiete minutu batean. Hiru jardunaldietan jasotako kiloak batuko dira. Txingari dagokionez, bi leitzarrak 40 kiloko txingekin ibiliko dira. Hemen ere hiru jardunaldietako plazen batuketa hartuko da kontuan. Beraz, torneoko irabazleak nortzuk diren hiru jardunaldi jokatu ostean ikusiko da. Lehen saioa joan den asteburuan jokatu zen Burlatan eta bigarrena igande honetan, hilak 14, Etxaurin jokatuko da. Hirugarrena, berriz, Lakuntzan, hilaren 21ean.