Artisau azokarekin amaitu da XXXI. Kultur Astea

Asier IMAZ 2009ko ekainaren 9a

Kultur Asteko ekitaldirik jendetsuena artisau azoka izan zen. TTIPI TTAPA

Kultur Elkarteko kideek balorazio «positiboa» egin dute

XXXI. Kultur Astea artisau azokarekin amaitu zen maiatzaren 31n. Antolatzaileen esanetan, jende gehien hurbildu zen eguna izan zen, «zalantzarik gabe». Herriko plazan 50 postu inguru jarri zituzten Euskal Herri osotik gerturatutako artisauek. Hauen artean, berezitasun bezala, Portugaldik etorritako agure bat zegoen: «Leitzan Portugaldik etorritako gazte batzuk bizi dira. Joan den urtean Artisau Azoka ezagutu zuten eta aurten, propio, euren aitona artisaua ekarri dute egurrarekin egindako lanak erakustera». Oro har «nahiko gustura» gelditu dira Kultur Astearekin antolatzaileak, jendearen parte-hartzearekin: «Jende ezberdin dezente ibili da egun guzti hauetan. Bakoitza bere gaien inguruan mugitu da. Akats txiki batzuk ere egon dira, hausnarketarako baliogarriak eginen zaizkigunak, teknologia kontuak, batik bat. Gazteen mugimendua ere iaz baino murritzagoa izan da. Lehen larunbatean Gazte Eune antolatu zuten eta gazte gutxiago bildu zen. Hala eta guztiz ere, horrelako gauzak antolatzea ziur esperientzia bezala ondo etorriko zaiela». www.leitzakultura.net Aurtengo edizioa web orria inauguratuz hasi zuten Kultur Elkarteko kideek. Egun hauetan bisitari ugari izan ditu webguneak, «batzuk gutunak eta gomendioak ere idatzi dituzte». Hemendik aurrera, «denborarekin», Kultur Asteko argazkiak bertan zintzilikatzeko asmoa dute elkarteko kideek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun