Pedro Mari Aizkorbe Goizuetako semea zenarekin hasi zen dena.
Iruñean bizitu zen urte batzuez eta Sanferminetako peña bateko kidea izan zen. Urte batzuk pasata Goizuetara itzuli zen, eta Iruñean bezala, Goizuetan ere peña bat sortzea proposatu zuen. Esan eta egin. 1959an hasitako eginahalak 1960eko Amabirjinetan ikusi zuen argia. Orduan atera baitzen lehenbiziko aldiz Umore Ona peña kalera. Aurten, beraz, 50. aldia izanen du eta berezia izatea nahi dute. Hortik dator joan den igandean Umore Ona abesbatzak, eta Ereñozuko Ozenki eta Doneztebeko Mendik eskaini zuten kontzertua. 50 urteko ibilbidea laburtuko duen argazki erakusketa ere prestatzen hasiak dira eta abuzturako prest eduki nahi dute. Egun haundia, halere, Peñaren Eguna izanen da. Peñaren eta hortik sortu zen izen bereko elkartearen berri izateko Umore Onarekin harreman estua duten hiru lagunekin egon gara: Joxe Anton Elizegi sortzaileetako bat; Juan Antonio Lekuona elkarteko lehendakari ohia eta Ibon Elizegi egungo lehendakaria.
«Festak alaitzeko helburuarekin 16 lagun hasi ginen eta tartean gu, lau anai. Lau anaietako bat akordeoilaria zen, Luis Elizegi, eta bazen beste bat ere, Juan Mari Zabaleta. Hortik aparte, bonboa, platilloak, tanborra... erosi genituen. Besterik ez genuen hasieran, baina arrakasta haundi izan zuen». Horrela oroitzen da Joxe Anton Elizegi 1960ko Amabirjin haietaz. Geroztik, Umore Ona peñak dituen 50 urteotan, hutsik egin gabe hortxe atera da, eta aurten ere, 76 urterekin, halaxe egin nahi du. Hasieran 16 laguneko kuadrilla zena denborarekin haunditzen joan zen.«1967 aldera 43 lagun elkartu ginen», azaldu digu Joxe Antonek. Bitxikeria gisa hileko kuota ere altxatuz joan zela esan digu: «lehen bi urteetan 10 pezetakoa zen, gero 25ekoa eta kanpotik musikariak ekartzen hasi ginenean 500 pezetakoa. Dena gure sakeletik ordaintzen genuen». Goizuetako gazte gehienen erreferente izan da Umore Ona peña. «Nik uste Goizuetako gazte gehienak hortik pasatu garela», azaldu digu Lekuonak. Txikitako garaiak ere gogoan ditu: «umeak ginela, kalez kale ibiltzen ziren, herriko txaranga bat zen eta poza ematen zuen. Adina ailegatutakoan gure helburua hor sartzea zen eta ni 16-17 urterekin sartu nintzen». Gazteagoa da Ibon, baina hau ere iritzi berekoa: «Goizaldean txarangaren soinuarekin esnatzen nintzen, eta hura ikustera ateratzen nintzen. Oroitzapen berezia dut». Goizuetar gutxik ulertuko lituzke Amabirjinak peñarik gabe. Hasiera batean festak alaitzeko txaranga zena bere tokia eginez joan zen, eta herriko festak antolatzeko ardura hartu zuen denborarekin: «1970era arte helburua, besterik gabe, festak alaitzea zen. Baina hortik aurrera, peña beste ekintza batzuetan sartu zen eta Udalari festak antolatzeko laguntzen hasi zen, beste kultura bat sortu zen», dio Lekuonak. Pilota partidak, bertsolariak, harri-jasotzaileak, dantza saioak, asto karrerak, krosa, mus txapelketa, plater tiroketa... horien ardura hartu zuen peñak. «Urte batzuetan, zortzi eguneko fiestak ere izan genituen». Udalak egun ofizialetako –aurreneko lau egunak– gastuak ordaintzen zituen eta gainerakoa peñaren esku izaten zen. Hori bai, ez zen orain bezalakoa: «lehen goizaldeko 4:00ak aldera bukatzen ziren festak, baina egunez gauza gehiago izaten zen».
1984an elkartea
Horrela iraun zuen 1984. urtera arte. Umore Ona Elkartea sortu zen arte, alegia. «Ekitaldi guztiak elkarterik gabe antolatzen ziren, taberna batean edo eskolan bilduta. Formalidade eta konpromiso gehiago hartzeko zerbaiten beharra ikusi zen, elkarte baten sistemara egokitzeko beharra», dio Juan Antoniok. Eta halaxe izan zen. Araudia zehaztu eta Udalak lokala eskaini zien. «Bazkide bakoitzak 60.000 pezeta bota genituen obra egiteko», gogoratu du Joxe Antonek. Obra egin eta hortxe segitzen dute. Peñaren egitekoa, berriz, Peñaren Egunera mugatu da gaur egun. Blusa berdea, zapi eta gerriko gorria eta galtza zuriak. Hori da Goizuetako peñaren jantzia. Halere, bai Elizegitarrek eta bai Lekuonak, guztiek bat egin dute peñaren indarra ez dela lehengoa esaterakoan: «lehen festak hasi eta bukatu arte ez zen blusarik kentzen; orain gauzak aldatu dira», dio Juan Antoniok. Eta Ibonek, berriz, «gaurko gazteek ez dutela lehenago bezala bizi peñaren kontua». Urteekin galduz joan den ohitura indartu egin nahi dute, eta beharbada aurten da tenorea, 50 urte ez baitira egunero betetzen. Kontuan hartzekoa, halaber, 50 urte hauen historia bilduz, Lekuonak argitaratuko duen liburuxka.
Indartzen ari den elkartea
Mugimendu haundia ekarri zuen Umore Ona Elkarteak herrira eta 25 urte beranduago bide beretik segitzen du. Are gehiago, indartuz doa. Adar asko dituen elkartea da: pilota eskola, dantza taldea, futbito taldea, abesbatza... Feria antolatzeaz ere bera arduratzen da: «Urtean egiten diren ekitaldi gehienetan esku hartzen dugu, pertsona eta dirulaguntza emanez», dio oraingo lehendakariak. Gaur egun 249 bazkide ditu eta elkartea txiki gelditu zaie. Haunditzea ere pasatu omen zaie burutik juntakoei. Diru iturri nagusiena, berriz, Amabirjinetan paratu ohi duten Ikastolako Taberna, Udalaren subentzioa, bazkideen urteko kuota eta asteburuetan ibiltzen den jendeak utzitakoa dituzte. Badu etorkizuna elkarteak, Ibonek erran bezala, «Goizuetako herriak orain arte bezala segitzen badu, behintzat, bai». Ez dadila aldatu, beraz, Goizueta.