Leitzako Guraso Elkarte Katolikoaren oharra

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 5a

Izugarrizko arazoa dugu Leitzako Guraso Elkarte Katolikoko sozioek. Zortzi urte daramazkigu Zuzendaritza Batzordeari gure lokalean gauzak aldatzeko eskatzen, baina ez dugu deus ere lortu. Sei lagun daude eta beraiek nahi dutena bakarrik egiten dute. Ezin dugu paperekin bo­tatu, beti eskua jasota eta errotatu gabe. Beraiek nahi dutenak bakarrik jartzen dira Juntan lan egiten. 250 inguru bazkide gaude baina inork ezin ditugu gure lokal horiek erabili, zati bat erretiratuei utzia diegulako eta beste pusketa bat gaztetxoei. Baina hemen dator okerrena: sukaldea, jangela, komunak eta lehenago taberna haundi bat zegoen leku guzia errentan emana dago eta guretzat ateak itxita daude. Estatutuak esaten duenez, eta abokatuak ere bai, legez kanpokoa da da, baina ez zaie axola. Horregatik, Ttipi-Ttapa irakurtzen dugun guziek Leitzako herrian nola gauden jakitea nahi dugu Leitzako Guraso Elkarte Katolikoko bazkideok. Herriaren alde lan egin beharrean, beste herri guzietan bezala, Leitzan gure gurasoen lokaletan Oialde elkarte gastronomiko eta kulturala daukagu. Izena ere ez du nolanahikoa. Orain dela hiru urte eta hiru hilabete eman zen errentan, bazkideekin asanblada bat egin gabe. Kontrato hau sinatu zuen pertsonak kontratoaren hirugarren puntuan zera jarri zuen: «errenta hilabeteko lehen eta bosgarren egunen artean ordainduko da, nagusi maizterrak zehazten duen tokian». Baina kontua da, lokal horietatik ezin dela dirurik kobratu. Uste dut honekin dena esanda dagoela, eta argi gelditzen da bazkideok zer pintatzen dugu gure lokaletan. Azkenik, adierazi nahi dugu ez dugula atsedenik hartuko gure lokala berreskuratu arte eta honen ondoren, berririk ez badugu, Iruñean solastuko dugu.

Flory Mitxelena
Leitzako Guraso Elkarte Katolikoa

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun