Espainiako Federazio arteko torneoa irabazi du Jon Jaunarena leitzarrak

TTIPI TTAPA 2009ko ekainaren 2a

Nafarroako Herriarteko txapelketan, Leitzak eta Uhartek bina partida irabazi zituzten baina leitzarrek 16 tantu gehiago egin zuten

Jon Jaunarena leitzarra izan da aste hondar honetan Nafarroako ordezkaria Espainiako Federazio arteko txapelketan. 22 urtez azpiko kategorian. Ostiralean, Adarragan, 18 eta 0 irabazi zion Soriako ordezkariari eta maiatzaren 31n, igande goizean, finala jokatu zuen Lizarran Errioxako pilotariaren kontra. Honek ere ez zion aparteko arazorik eman, 18 eta 6 irabazi baitzuen leitzarrak.

Herriarteko txapelketa

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako partidak jokatu zituzten ostiralean Amazabalen Leitza eta Uharteko pilotariek.. Uharten gertatu zen bezalaxe, bina partida irabazi zituzten, baina oraingoan ez zen tanteoan berdinketarik izan eta leitzarrak nagusitu ziren arlo horretan.
Jubenil mailan, Leitzako Xabier Jaunarenak eta Jon Jaunarenak 22 eta 6 irabazi zieten Uharteko Iraizoz eta Minari. Alebinetan, Jon Lezeak eta Ander Eskuderok 16 eta 18 galdu zuten Uharteko bikotearen kontra. Infantiletan, Anartz Olano eta Mikel Hernandorenak 18 eta 7 irabazi zioten Uharteko bikoteari eta seniorretan, Iñigo Zubillaga eta Mikel Iriartek 13 eta 22 galdu zuten Uharteko bikotearen kontra. Honela, bina partida irabazi bai, baina 16 tantu gehiago egin zituzten leitzarrek.

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasetan ere aritu dira aste hondar honetan Aurrerako pilotariak eta partida guziak etxetik kanpo jokatu dituzte. Uharten, bigarren mailako benjaminetan, Joseba Eskudero eta Beñat Altzelaik 18 eta 4 irabazi zioten Uharteko bikoteari. Zubirin, bigarren mailako infantiletan, Mikel Sagastibeltza Egues eta Xabi Zubiriak 8 eta 18 galdu zuten Esteribarko bikotearen kontra. Lizarran, bigarren mailako alebinetan, garaipen estua lortu zuten Mikel Erasok eta Aimar Gilek, 18 eta 17 irabazi baitzioten San Migueleko bikoteari. Lodosan, hirugarren mailako kadetetan, Xabi Erasok eta Mikel Onsalok 18 eta 22 galdu zuten San Francisco Javier taldeko bikotearen kontra.

Lizarra eta Elgeta

Lizarrako txapelketan azkenik, infantil mailan jokatutako bi partidak irabazi zituzten Aurrerakoek, 18 eta 12 Gartziarena eta Zubiriak eta 18 eta 7 Olano eta Tolosak. Elgetako txapelketan, kadete mailan, 17 eta 22 galdu zuen Xabi Jaunarenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun