Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketan parte hartzen ari da Areso

Aitor AROTZENA 2009ko maiatzaren 29a

Larunbat honetan 640 kilokoen txapelketako lehen jardunaldia jokatuko du Laukizen

Aresoko lur gaineko sokatira taldeak hasi du denboraldia. Dagoeneko 680 kilokoen jardunaldi guztiak jokatu ditu –joan den larunbatean egitekoa zen finala Endoian (Gipuzkoa)–, eta behin hori bukatuta, orain, 640, 600 eta 560 kilokoen txapelketak jokatuko dira. Maila guztietan eman du izena Aresok, Getxo (Bizkaia), Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Goiherri A (Erandio, Bizkaia) eta Mutrikurekin (Gipuzkoa) batera. Zalantza bakarra Getxo eta Mutrikuren artean dago. Baliteke Getxok 600ekoan ez parte-hartzea. 560koan ez dute ez batek ez bertzeak parte hartuko. Larunbat honetan, hilak 30, 640 kilokoen txapelketako lehen saioa jokatuko da Laukizen (Bizkaia) eta bigarrena ekainaren 13an jokatuko da Martiartun (Bizkaia). Maila honetako txapela ekainaren 21ean erabakiko da Maeztun (Araba). Ekainaren 27an 600 kilokoen lehia hasiko da Billelan (Bizkaia). Bigarrena Mungian (Bizkaia) jokatuko da uztailaren 4an eta finala uztailaren 19an Mutrikun (Gipuzkoa). 560 kilokoen txapelketa izanen da azkena eta hau San Cristobal (Erandio, Bizkaia) hasiko da uztailaren 11n. Bigarren jardunaldia uztailaren 25ean jokatuko da eta finala 26an. Oraindik zehaztu gabe daude azken bi saioak non eginen diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun