Umore Ona peñaren 50. urtebetetzearen bueltan edo aitzakian ekitaldi frango antolatuko da hurrengo Amabirjinak igaro artean, aurreko alean aurreratu genuen bezala. Bereziena, seguru aski, hilaren 7an ospatuko dena izanen da, ez baita sekula era horretako musika emanaldirik izan herrian, koru topaketa, alegia. Urteurren borobil eta haundi horren neurriko emanaldia antolatu nahi izan du peñatik sortu eta izen bereko elkartearen atal den Umore Ona koruak. Horretarako jarri zen harremanetan Ereñozuko Ozenki eta Doneztebeko Mendi abesbatzekin. Eta hauen baietza jaso orduko, garagarrilaren 7an 12:00etan Elizan burutuko den kontzertua antolatzeari eta bere errepertorioa prestatzeari ekin zion. Kontzertuari buruzko hainbat xehetasun aipatuz, esan, laupazbost abesti kantatuko dituela koru bakoitzak bere aldetik, eta beste hiruzpalau hirurak batera kantatuz. Ozenkik irekiko du kontzertua eta anfitrioiari dagokion bezala, Igaratza Apezetxearen taldeak emanen dio bukaera, hirurak batera egin beharreko lanari ekin aurretik. Ordubete pasatxoko emanaldia guztira. Kalejiran ere kantatuko dute herrian barrena abesbatzek, 15:00etan elkartean eginen duten bazkarira joan aurretik. Han ere ez dira isilik egonen, noski, baina hori Umore Onan elkartuko diren 100 abeslarien arteko festa izanen da.