Nafarroako Eskolarteko Bertsopaper Lehiaketa zonaldeka jokatzen da eta Leitza, Goizueta, Areso eta Arano mendebaldeko zonaldean sartzen dira. Lehiaketa hiru mailatan banatzen da. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek bertso bat edo bi kopla aurkeztu behar dituzte. 5. eta 6. mailakoek bi bertso eta DBHko lehen bi mailatakoen hiruna bertso. XXIII. edizio honi dagokionean, eskualdeko sari banaketa ekitaldia maiatzaren 14an egin zen Leitzako zinema aretoan. Leitza, Goizueta, Areso eta Lekunberriko eskoletako partaideak bildu ziren.
Sariak ekainaren 5ean
Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailan Leitzako Erleta eskolako Joanes Illarregi izan zen irabazlea. Aipamenak Aresoko eskolako Beñat Etxezarretak, Erletako Beñat Altzelaik eta Goizuetako Xalto eskolako Indar Albisuk jaso zituzten. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan, berriz, Leitzako eskolako Martxel Intxaustik eraman zuen lehen saria. Aipamenak banatzeko Aresoko eskolako Saioa Baraibar eta Xalto eskolako Miguel Andueza eta Lucia Etxeberria aukeratu zituzten. Bigarren Hezkuntzako 1 eta 2. mailan, azkenik, irabazlea eta bi aipamenak Goizuetara joan ziren. Ainhoa Zabaletarentzat izan zen lehen saria eta aipamenak Janire Bakero eta Mikel Oiartzabalentzat.