• Espainiako Eski Txapelketan, infantil mailan, hirugarren postua lortuz, denboraldi bikaina egin du aurten Adur Etxezarretak (Areso, 1996).
• Txiki-txikitatik datorkio eskiatzeko zaletasuna, gurasoekin batera asteburuetan elurretara joaten zenetik. Gaur egun, 13 urterekin, Nafarroako Eski Klubeko kidea da eta gustura dago taldean. Etorkizunera begira, eskiatzen jarraitu nahi du.
• Aurtengo eski sasoia bukatuta, Leitzako txirrindularien taldean dabil orain.
Bost urte besterik ez zituela jantzi zituen Adur Etxezarreta aresoarrak lehen aldiz eskiak, eta geroztik, ez pentsa urte asko pasatu direnik, 13 urte baititu. Baina zortzi urte hauek ez ditu alferrik galdu eta gaztea izanagatik dagoeneko hasia da garaipenak lortzen. Denboraldi honetan, esaterako, lan bikaina egin du Espainiako Kopan eta infantil mailan hirugarren postua lortu zuen Sierra Nevadan. Denboraldia bukatuta, egindako lanarekin «oso pozik» dagoela aitortu digu. «Txapelketa hiru fasetan jokatzen da eta aurreneko faseak Candanchun eta Alto Campon jokatu ziren. Horietatik 60 onenak Sierra Nevadarako sailkatu ginen. Hemen hiru modalitatetan aritu ginen eta Slalomean laugarren gelditu nintzen, Gigantean hirugarren eta Super Gigantean lehena. Sailkapen orokorrean hiru probak hartzen dira kontuan eta puntu guztiak batuta, hirugarren izan nintzen». Gurasoengandik hartu zuen Etxezarretak eskiatzeko duen afizioa: «eurek erakutsi zidaten. Asteburuetan elurretara joaten ginen eta gustura ibiltzen nintzen». Gustatu eta aurrera. Nafarroako Eski Klubeko kidea da duela hiru urtetik eta orduan hasi zen lehiaketetan parte hartzen. Taldearekin hasita «asko aurreratu» duela adierazi digu. Halere, oraindik «teknika hobetu» behar omen du. Astez Areson eta eski garaian asteburuetan entrenatzeko Candanchun. Horrela moldatzen da Adur. «Candanchun taldearekin egunean bost orduko entrenamenduak egiten ditugu». Mendiko kirol honek aukera asko eskaintzen baditu ere, aresoarrak argi du zein den berea: «eski alpinoa». Horixe gustatzen zaio. «Fondoko eskia ere probatu dut, baina askoz ere nahiago dut alpinoa. Azken honetan abiadura haundiagoa hartzen da eta hori gustatzen zait». Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenenengo maila egiten ari da Leitzako institutuan, eta «ongi» moldatzen den arren, gustura dabilen galdetuta, «bueno» erantzun digu irribarrez. Dena den, badu ikasten segitu eta unibertsitatera joateko asmoa. Hori bai, kirolarekin lotua izan dadila ikasi beharrekoa: Soin Hezkuntza egin nahi du, Gasteizen. Kirola du buruan, bai. Hala, eski denboraldia bukatuta eskiak utzi eta bizikleta hartu du. Uda honetan ere, Leitzako taldearen maillota jantziko du. Edonola ere, bere ametsa: «eskiatzen jarraitzea». Berezko dohainak erakutsi ditu orain arte eta horrela segituz gero, aukera haundiak izan ditzake. Bai horixe.
«Gurasoek erakutsi zidaten eskiatzen. Asteburuetan elurretara joaten ginen eta gustura ibiltzen nintzen»