Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan Arbizuren kontrako lau partidak erraz irabazi zituen Leitzak

TTIPI TTAPA 2009ko mai. 20a, 10:36

Nafarroako Kirol Jolasetan partida ugari jokatu zituzten eta jokatuko dituzte Aurrerakoek

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan emaitza bikaina lortu zuen igande goizean Amazabalen Leitzak, Arbizuren kontrako lau partidak irabazita. Alebin mailako partida maiatzaren 11n jokatu zuten Jon Lezeak eta Ander Eskuderok eta 18 eta 10 irabazi zioten Arbizuko bikoteari. Igandean, infantil mailan, Anartz Olanok eta Mikel Hernandorenak 18-0 irabazi zuten, jubenil mailan Xabier Jaunarenak eta Jon Jaunarenak 22 eta 5 irabazi zuten eta seniorretan, Aritz Sagastibeltzak eta Mikel Iriartek 22 eta 4 irabazi zuten. Beraz, lau partidak irabaztean gain, tantu alde ederra ere lortu zuten, 80 eta 19.

Nafarroako Kirol Jolasak

Aurrerako pilotariek beste hainbat partida jokatu zituzten asteburuan. Nafarroako Kirol Jolasetan, Leitzan larunbat goizean jokatutako infantil bigarren mailako partidetan, Ibai Gil eta Markel Barriolak 18 eta 4 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari eta Mikel Sagastibeltza Egues eta Xabi Zubiriak emaitza berberarekin irabazi zioten Sutegiko bikoteari. Etxetik kanpo ere jokatu zituzten Nafarroako Kirol Jolasetako partidak. Burlatan, lehen mailako infantiletan, Iñigo Mitxaus eta Ibai Barberenak 18 eta 6 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari; Mutiloan, hirugarren mailako kadetetan, Xabi Erasok ea Mikel Onsalok 22 eta 8 irabazi zioten Aranpilotako bikoteari; Mendavian, hirugarren mailako alebinetan, David Muenalak eta Josu Sukuntzak 18 eta 8 irabazi zioten Mendaviako bikoteari; Iruñeko Aranzadin, bigarren mailako benjaminetan, Joanes Illarregik eta Ander Alduntzinek 18 eta 7 irabazi zioten Mendillorriko bikoteari. Noainen, bigarren mailako alebinetan, Mikel Eraso eta Aimar Gilek 18 eta 14 irabazi zioten Noaingo bikoteari; Uharten galdu zuten Aurrerakoek Nafarroako Kirol Jolasetako asteburu honetako partida bakarra, bigarren mailako benjaminetan, Beñat Billabonak eta Beñat Altzelaik 1 eta 18 galdu baitzuten Uharteko bikotearen kontra.

Beste txapelketak

Lizarrako txapelketan, infantil mailan 15 eta 18 galdu zuten Aurrerako Gil eta Mitxausek.
Elgetako txapelketan asteburu gazi-gozoa izan zen kadete mailan. Mikel Hernandorenak 3 eta 22 galdu zuen Artolaren kontra eta Xabi Jaunarenak 22 eta 17 irabazi zion Sagastiri.
Antiguoko txapelketan, 22 urtez azpiko kategorian Jon Jaunarenak 14 eta 22 galdu zuen Garraldaren kontra.
Iruritako emakumeen paleta goma txapelketako finalerdian, azkenik, Aurrerako Iera Agirre eta Saioa Aristorenak 20 eta 30 galdu zuten Okariz eta Argainen kontra eta finaletik kanpo gelditu dira.

Astebururako partidak

Heldu den asteburuan ere, pilota partida ugari jokatuko dituzte Aurrerako pilotariek. Nafarroako Kirol Jolasen barrenean. Maiatzaren 23an, larunbat goizeko 10:00etan hasita Amazabalen jokatuko dira partidak. Bigarren mailako benjaminetan, Aurrerako Joseba Eskudero eta Beñat Altzelai Zugarraldeko bikotearen kontra ariko dira eta Joanes Illarregi eta Ander Alduntzin, Errekakoen kontra. Hirugarren mailako alebinetan, David Muenalak eta Josu Sukuntzak Aranpilotako bikotea izanen dute kontrario. Bigarren mailako alebinetan, Mikel Eraso eta Aimar Gil Erreko bikotearen kontra ariko dira. Bigarren mailako infantiletan, Iñaki Saralegi eta Lenitz Galartza Esteribarko bikotearen kontra ariko dira. Hirugarren mailako kadetetan, Xabi Eraso eta Mikel Onsalo, Paz Zigandako bikotearen kontra ariko dira eta lehen mailako infantiletan, Anartz Olano eta Ibai Barberena, Esteribarko bikotearen kontra. Etxetik kanpo partida bakarra izanen dute leitzarrek eta bigarren mailako infantiletan, Mikel Sagastibeltza Egues eta Xabi Zubiria Mendillorriko bikotearen kontra ariko dira Iruñeko Aranzadin, larunbat goizean.

Lizarra eta Ordiziako txapelketetan

Lizarrako txapelketan, infantil mailan partidak izanen dituzte Barriolak eta Iparragirrek larunbat arratsaldean eta Olano eta Tolosak igande goizean. Olanok berak, Gartziarenarekin bikote eginez, larunbatean partida izanen du Ordiziako txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun