Aresoko tabernaria eta dendaria
Areson bizi den errazkindarra edo Errazkinen sortutako Aresoko alaba?
Areson bizi den errazkindarra.
Zer eman dizu Aresok?
Urte asko daramazkit hemen eta negozioarekin jende asko ezagutu dut. Gustura nago.
Taberna, jatetxea, denda… Hori dena egiteko nola moldatzen zara?
Jende asko dagoenean, asteburuetan batez ere, etxekoek laguntzen didate, baina astean zehar nerone moldatzen naiz, bakarrik. Nolabait egiten dut.
Egunean lan gehien duzun momentua zein da?
Goizetan lan gehiago izaten dut.
Atsedena noiz hartzen duzu?
Arratsaldetan bizpahiru orduz itxi egiten dut taberna. Egun osorik ez dut ixten eta gero urte osoan aste batez itxita gelditzen da.
Urte aunitz daramatzazu lanbide honetan?
16 urterekin hasi nintzen lanbide honetan eta orain 46 urte ditut… Atera kontuak! Hemen baino lehen Lekunberrin beste taberna batean aritu nintzen. Beti honetan aritu naiz.
Zein da adin guztietako jendea erakartzeko sekretua?
Hitz egin eta goxotasuna eman behar diezu bezeroei. Ongi egin behar diezu denei.
Eta zein da bezerorik jatorrena? Haurrak, gazteak, helduak ala zaharrak?
Denak, berdin.
Ardiak ere badituzue, tabernatik ateratzeko bidea izan liteke?
Pixka bat aritzen naiz ardiekin, asko ez baina… Deskonektatzeko bidea da bai, buelta bat eman eta azkenean deskonektatu egiten naiz.
Zein bertze zaletasun dituzu?
Paseatzea. Arratsaldetan, denbora baldin badut behintzat, paseotxo bat ematea gustatzen zait.
Nori zerbitzatuko zenioke gustura?
Ba ez dakit… Lagunei!