Herritar gehienek dakitenez, aurtengo Amabirjinetan 50 urte beteko ditu Umore Ona peñak, eta urteurren hau merezi bezala ospatzeko, abuztuaren 18ra bitarte burutu beharreko zenbait ekitaldi antolatzen ari da propio horretarako elkartu den lantaldea.
Peñarekin, eta orokorrean, Amabirjinekin zerikusia duten argazki bilketari ekin nahi diote lehenbailehen antolatzaileek. Jasotako argazkiak eskaneatu eta fotokopiatu ondoren, ikusgai paratuko dira herriko hainbat lekutan. Originala, jakina, jabeari emanen zaio gero. Herriarentzat haundia den ekimen honetan, argazkiak utziz kolaboratu nahi duenak Amaiarenera jo behar du hil honen bukaera baino lehen, han jasoko baitute peñaren eta Amabirjinen 50 urteko historia irudikatuko duen materiala. Ondorengo asteetan emanen dugu Ttipi-Ttapan urtebetetze borobil honen aitzakian antolatutako gainerako ekitaldien berri.