Aurrerako pilotariek lanean segitzen dute

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 29a

Joan den asteburuan hainbat partida jokatu zituzten eta heldu denean beste horrenbeste izanen dituzte

Aurrerako pilotariek hainbat partida jokatu dituzte aste hondar honetan, Nafarroako Kirol Jolasen barrenean. Leitzan jokatutako partidetan, bigarren mailako benjaminetan, Joseba Eskudero eta Iñaki Altzelai-ek 18 eta 8 irabazi zioten Sutegiko bikoteari. Bigarren mailako alebinetan, Mendillorriko bikotea azaldu ez zenez, 18-0 irabazitzat eman diote partida Aimar Gil eta Mikel Erasori. Bigarren mailako infantiletan, Mikel Sagastibeltza Egues eta Xabi Zubiriak 18 eta 4 irabazi zioten San Migueleko bikoteari. Lehen mailako kadetetan, Oberenako bikotea agertu ez zenez, 18-0 irabazitzat eman diote Joxerra Aizagirre eta Mikel Hernandorenari.
Etxetik kanpo ere zenbait partida jokatu dituzte Aurrerakoek. Burlatan, lehen mailako infantiletan, 8 eta 18 galdu zuten Iñigo Mitxaus eta Ibai Barberenak Zugarraldeko bikotearekin. Lizarran, bigarren mailako infantiletan, Aurrerako bi bikoteek galdu egin zuten San Miguelekoekin: 17 eta 18 Ibai Gil eta Ander Gartziarenak eta 11 eta 18 Iñaki Saralegi eta Lenitz Galartzak. Iruñean, hirugarren mailako alebinetan, 18 eta 11 galdu zuten David Muenalak eta Josu Sukuntzak Oberenako bikotearekin.

Beste txapelketak

Iruritako emakumeen paleta goma txapelketan, 25 eta 30 galdu zuten Iera Agirreren ordez aritu zen Aurrerako Mariak eta Saioa Aristorenak, Janira eta Rebekaren kontra. Zaramagako txapelketan, infantil mailan, Aurrerako Anartz Olanok eta Tolosak 18 eta 9 irabazi zieten Prado eta Iturriagari. GRAVN torneoko finalerdian, jubenil mailako buruz buruzkoan ez zuen gupidarik izan Nafarroa ordezkatzen duen Jon Jaunarenak eta 22 eta 1 irabazi zion Errioxako Iturriagari. Elgetako txapelketan, kadete mailan aurrera egin du Mikel Hernandorenak, kontrarioa ez baizitzaion azaldu partidara.

Heldu den astebururako partidak

Nafarroako Kirol Jolasek segida izanen dute aste hondar honetan. Larunbat goizeko 10:00etan hasita partida hauek jokatuko dira Amazabalen. Bigarren mailako benjaminetan, Aurrerako Joanes Illarregi eta Ander Alduntzin Sutegiko bikotearen kontra ariko dira. Hirugarren mailako alebinetan, David Muenala eta Jon Sukuntza Zugarraldeko bikotearen kontra. Bigarren mailako infantiletan, Ibai Gil eta Ander Gartziarena Mendillorriko bikotearen kontra eta lehen mailako infantiletan, Anartz Olano eta Ibai Barberena Oberenako bikotearen kontra.
Etxetik kanpo ere ariko dira Aurrerako bikoteak. Ostegunean, apirilaren 30ean, arratsaldeko 18:15ean Zubirin ariko dira Mikel Eraso eta Aimar Gil Esteribarko bikotearen kontra, bigarren mailako alebinetan. Iruñean, Oberenan, larunbat goizean, bigarren mailako infantiletan Iñaki Saralegi eta Lenitz Galartza Oberenako bikotearen kontra ariko dira eta Aranzadin, hirugarren mailako kadetetan, Xabi Eraso eta Mikel Onsalo Mendillorriko bikotearen kontra ariko dira.

Lizarran eta Herreran

Lizarrako txapelketan, maiatzaren 1ean arratsaldeko 16:00etan hasiko den jaialdian, zazpigarren eta zortzigarren partidak jokatuko dituzte infantil mailan Barriolak eta Iparragirrek alde batetik eta Gartziarena eta Zubirik bestetik. Herrerako txapelketan, kadete mailan, Aldaregia eta Hernandorenak Sanchez eta Barandiaranen kontra jokatuko dute igande goizeko 10:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun