Marka ahalegina egiten saiatu zen Josetxo Urrutia apirilaren 19an Hendaian (Lapurdi) 163 kiloko zilindro zaharrarekin, eta bai lortu ere: sei jasoaldi egin zituen. Marka ahaleginaren aurretik, pisatu egin behar izan zuen Urrutiak eta 74 kilo pisatu zituen. Horrenbestez, bere pisua bi aldiz eta arroba bat gehiago bizkarreratu zituen. Izan ere, berez, 163 kiloko zilindro zaharra zuen jasotzekoa, baina zama handixeagoa jarri zioten ez zelako heltzen arauzko pisura, eta 163,800 kilo jarri zizkioten.
Bost minutuko txanda egin eta sei aldiz altxata, marka pertsonala ezarri zuen Urrutiak, homologatua, dopin kontrola eta guzti. Lehen jasoaldia 11 segundoz egin zuen; bigarrena lehen minutuan; hirugarrena 2:02an; laugarren jasoaldia 2:55ean; bosgarrena 3:55ean eta seigarren eta azken jasoaldia 4:50ean, bost minutu betetzeko 10 segundoren faltan.