Inaxio Perurena harrijasotzaile leitzarrak ez zuen hutsik egin larunbatean sorterrian, eta 234 kiloko harri zilindroa berdindu zuen esku bakar batekin, eta horrekin errekor pertsonala jarri zuen. Lehen 230 kilo altxatuak zituen eta esku batekin, bere aitak bakarrik dauka berak baino marka hobea. Leitzar gazteak jasoaldi ona eman zion, baina lana gogotik egin behar izan zuen. Errekorra lortuta, gustura zegoen, baina hasi aurretik beldur pixko bat ere izan zuela onartu zuen. Orain, helburuetako bat lortu duenez, 300 kilokoari begira daude denak, ea noiz egiteko asmoa duen, baina berak ez daukala presarik onartu zuen, eta bere burua horretarako prest ikusten duenean plazaratuko omen da errekor handi hori egiteko asmoarekin. Duela bi hilabete 295ekoa altxatu zuen Perurena II.ak.
Urrezko Aizkora
Urrezko Aizkorako ligaxka ere larunbatean abiatu zen Leitzan, eta Miel Mindegiak finalerdietan izateko urrats garrantzitsua eman zuen Iñaki Azurmendi menderatuta. Ezkurrako aizkolari beteranoak 60 urte bete zituen igandean, baina oraindik sasoi betean dagoela erakutsi zuen. Bost lan egin behar izan zituzten, eta denetan nagusi izan zen Ezkurrako aizkolari handia. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta berak 33 emanda bota zuen enborra, eta hiru gehiago behar izan zituen gipuzkoarrak. Segidan, abiadura proba izan zuten, 45 ontzakoarekin, eta hor ere nagusitu zen, enborra 45 segundotan bota baitzuen, eta beste hiru segundo atera zizkion. Hirugarren proban erabaki zen auzia. Kana-erdikoa zutik moztu behar zuten, eta ia minutuko aldea kendu zion aurkariari. Mindegiak 2 minutu eta 29 segundotan akitu zituen lanak, eta 3 minutu eta 15 segundotan Azurmendik. Laugarrenean, 60 ontzakoa moztu behar zuten, eta minutu eta 36 segundo behar izan zituen lanak akitzeko; hiru segundo gehiago Arriarangoak. Azkenean, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten, eta parean akitu zituzten lanak. Denetara, 15.18 izan zen Mindegiaren denbora, 16.08 Azurmendirena. Gazteen mailan, berriz, Ander Erasunek Olano mendean hartu zuen, eta Saralegik gauza bera egin zuen, Oihan Larretxearen aurka.
Mikel Mindegia apustua jokatzeko prest dago
Mikel Mindegiak 60 urte bete ditu, baina oraindik sasoi betean dago. Larunbatean Urrezko Aizkorako saioa bereganatu zuen, eta, bertzetik, apusturako ere prest dagoela adierazi zuen: 60 ontzako hogei enborretara edonori jokatzeko prest dagoela-eta, erronka bota zuen. Enborrak berak plazaratuko lituzke, eta apustua jokatzekotan urriaren akabailan, edo azaroaren lehen egunetan izan beharko litzateke. Inork erantzun nahi baldin badio, larunbat honetan, maiatzaren 2an, 19.00etatik aurrera Tolosan egongo da, Kantabriko tabernan apustua sinatzeko prest.