Aurrerako pilotariek emaitza onak lortu zituzten joan den asteburuan

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 24a

Honetan ere hainbat partida jokatuko dituzte

Joan den asteburuan hainbat partida jokatu zituzten Leitzako Aurrerako pilotariek. Teledonosti txapelketan, 22 urtez beherako kategorian 22 eta 8 irabazi zion Jon Jaunarenak Andreuri. Irurtzungo txapelketan, alebin mailan galdu egin zuten Jon Lezeak eta Mikel Erasok. Lizarrako txapelketatik berri hobeak ailegatu ziren, bigarren mailako infantiletan garaipena lortu baitzuten bai Gil eta Mitxausek, baita Gartziarena eta Zubiriak ere. GRAVN torneoan, jubenil mailako eskuz binakako txapelketan 22 eta 8 irabazi zioten Jon Jaunarena leitzarrak eta Lanak Arabako bikoteari. Irurtako emakumeen paleta goma txapelketan ere Aurrerako Iera Agirre eta Saioa Aristorenak 30 eta 14 irabazi zieten Asun eta Mari Pazeri. Zaramagako txapelketan, azkenik, alebin mailan galdu egin zuten Jon Lezea eta Ander Eskuderok.

Asteburu honetan Kirol Jolasak Leitzan

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean hainbat partida jokatuko dituzte aste hondar honetan Leitzako Aurrerako pilotariek. Apirilaren 25ean, larunbat goizeko 10:00etatik aurrera hainbat partida jokatuko dira Amazabaal pilotalekuan. Lehenik, bigarren mailako benjaminetan, Joseba Eskudero eta Beñat Altzelai Sutegiko bikotearen kontra ariko dira; bigarren mailako alebinetan, Aimar Gil eta Mikel Eraso Mendillorriko bikotearen kontra; bigarren mailako infantiletan, Mikel Sagastibeltaz Egues eta Xabi Zubiria San Migueleko bikotearen kontra eta lehen mailako kadetetan, Joxerra Aizagirre eta Xabi Jaunarena, Oberenako bikotearen kontra.

Baita etxetik kanpo ere

Etxetik kanpo ere jokatuko dute Aurrerako pilotariek Nafarroako Kirol Jolasetan. Lehen mailako infantiletan, Aranatz Olano eta Ibai Barberena Zugarraldeko bikotearen kontra ariko dira larunbat goizean Burlatan; bigarren mailako infantiletan, San Migueleko bikoteak izanen dituzte arerio Lizarran Ibai Gil eta Ander Gartziarenak alde batetik eta Iñaki Saralegi eta Lenitz Galartzak bestetik. Iruñean, Oberenako bikoteak izanen dituzte esperoan David Muenala eta Jon Sukuntzak hirugarren mailako alebinetan eta Xabi Eraso eta Mikel Ontsalok hirugarren mailako kadetetan. Antsoainen, Gazte Berriak taldeko bikotearen kontra ariko dira Joanes Illarregi eta Ander Alduntzin, bigarren mailako benjaminetan.

Beste txapelketak

Iruritako emakumeen paleta goma txapelketan, larunbat goizeko 10:00etan partida jokatuko dute Aurrerako Iera Agirre eta Saioa Aristorenak, Janira eta Rebekaren kontra. Zaramagako txapelketan, infantil mailan, Aurrerako Anartz Olano eta Tolosa, Prado eta Iturriagaren kontra ariko dira larunbat arratsaldeko 16:00etan. GRAVN Torneoko finalerdian, jubenil mailan, Nafarroa eta Errioxak jokatuko dute buruz buruko finalerdia Irurtzunen, larunbat arratsaldeko 18:00etan. Nafarroa ordezkatuz Jon Jaunarena leitzarra ariko da, Iturriaga errioxarraren kontra. Elgetako txapelketan, azkenik, kadete mailan Mikel Hernandorena leitzarra ariko da igande goizeko 10:30ean hasiko den jaialdiko hirugarren partidan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun