Urrezko Aizkolarien txapelketako saioa eginen da larunbatean Leitzako Amazabal pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Saio honetan omenaldia eskaini nahi zaio igandean 60 urte beteko dituen Mikel Mindegiari. Izan ere, duela 44 urte, Ezkurrako aizkolari handiak 16 urte besterik ez zituenean, lehen aldiz Leitzan plazaratu baitzen. Iñaki Azurmendiren kontrako saioa izanen du.
Inaxio Perurenak marka ahalegina
Ez da larunbateko saioan izanen den ekitaldi erakargarri bakarra. Izan ere, segidan, Inaxio Perurenak marka ahalegina eginen du, 234 kiloko zilindroa, esku bakarrez altxatzeko saioarekin. Perurenak 295eko koadroarekin egin zuen azken marka ahalegina, joan zen otsailaren 22an, eta baita bizkarreratu ere, Azpeitian (Gipuzkoa). Horrenbestez, zama horretako harria jaso duen harri-jasotzailerik gazteena da, 25 urte baititu; joan zen urtarrilaren 10ean bete zituen 25 urte. Gainera, 300 kilokoen zerrendatik bost kilora geratu zen leitzar gaztea. Esku bakarreko jardunari dagokionez, urtebete pasatxo da 230 kilokoa bizkarreratu zuela. Hain justu ere, 2008ko otsailaren 10ean, Getxon (Bizkaia). Orduan 17 segundo behar izan zituen eta hiru kolpetan goratu uen sorbalda gainera. Aurrez 225ekoa leporatu zuen. Esku bakarreko markarik handiena aita Iñakik dauka ezarria, 267 kiloko zilindroarekin hain justu ere. Aimar Irigoien da hirugarren sailkatua 218koarekin. Ondoren, hurrenez hurren, Joseba Ostolaza (213 kilokoa) eta Miel Saralegi (208 kilokoa).
Gazte mailako Urrezko Aizkolarien lehen saioa
Bukatzeko, Leitzako saio berean, 19 urtez beherakoei zuzendutako Urrezko Aizkolarien lehen jardunaldia jokatuko da. Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi leitzarrak, Ander Erasun aurtiztarraren eta Oihan Larretxea beratarraren kontra ariko dira, hurrenez hurren.