Josetxo Urrutia harrijasotzaile leitzarrak marka berria egin du Hendaian

TTIPI TTAPA 2009ko apirilaren 20a

Bere pisua bi aldiz eta arroba bat gehiagoko (163,8 kilo) zilindro zaharra jaso du sei aldiz

Josetxo Urrutia harrijasotzaile leitzarrak sei jasoaldi egin ditu 163 kiloko zilindro zaharrarekin, igandean Hendaiako Beltzenia pilotalekuan. Leitzarrak 74 kilo pisatu ditu marka ahaleginaren aurretik, eta horrenbestez, bere pisua bi aldiz eta arroba bat gehiago bizkarreratu ditu.

Zama handixeagoa harriari

Berez 163 kiloko zilindro zaharra zuen jasotzekoa, baina badaezpada, zama handixeagoa jarri zioten ez zelako heltzen arauzko pisura, eta 163,800 kilo pisatu ditu probaren aurretik eginiko pisaketan. Bost minutuko txanda egin du, eta ongi neurtuak izan ditu, alboan Joseba Ostolaza izan duelako laguntzen.

Marka pertsonala eta homologatua

Urrutiak 31 urte ditu eta heldu den ekainaren 7an beteko ditu 32 urte. Orain dela zortzi urte hasi zen harri-jasotzen. Marka pertsonala izan da, eta homologatua, dopin kontrola egin baitzaio. Lehenik beste zilindro zahar batekin egin du beroketa, lau heldu leku dituena, eta 140 kilo; hiru jasoaldi egin ditu. Ondoren, marka egiteko harriari heldu dio, eta hauxek izan dira jasoaldietako denborak:
Lehen jasoaldia: 00.11
Bigarren jasoaldia: 01:00
Hirugarren jasoaldia: 02:02
Laugarren jasoaldia: 02:55
Bosgarren jasoaldia: 03:55
Seigarren jasoaldia: 04:50

Xabier Ostiz urruñarrak ere marka

Xabier Ostiz urruñarrak ere marka pertsonal berri bat ezarri du 163 kiloko koadroa hiru aldiz bizkarreratu duelako bost minutuko txandan. Proba ez da homologatua izan, Frantziako gazteen legediak ez duelako baimentzen; Ostizek 22 urte ditu. Urte bat egin du harri-jasotzen. Joan zen urtarrilean 123,5 kiloko koadroa 10 aldiz bizkarreratu ondoren, gaur 163 kiloko koadroarekin egin du marka. Lehen jasoaldia garbia izan da, baina bigarrena egiteko harria izterrean zuela, bota egin behar izan du; horrek murriztu egin dio pittin bat bere helburua betetzea, lau jasoaldi egiteko asmoa baitzuen. Jaialdia Hendaiako Besta Batzordeak antolatu du, eta Viana Do Castello (Portugal) eta Peebles (Eskozia) herriekin anaikidetu zela 10. urteurreneko ospakizunen barneko ekitaldia izan da harri-jasotze saioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun